"Nire lehengusua erretiratzear zegoen eta berak okindegi bat zeukan, nik lana behar nuenez, negozioaren ardura hartzea erabaki nuen, eta zerotik hasi nintzen hemen, labeak eta guztia jarrita", gogoratu du Basterretxeak. Gutxika-gutxika, ogiaz gain, beste hainbat gauza joan da sartzen bere dendako apaletan, eta askotariko elikagaiak aurkitu daitezke bertan.
Hala ere, ogia jarraitzen du izaten bere produktu nagusia da, eta hainbat mota ditu: "Niri ere gustatzen zaizkidanez denetarik ekartzen dut, adibidez, espeltakoa, zereal integralekoa, txapata... Gehien kontsumitzen dena artozkoa da, jendeak asko erosten du". Horrez gain, sasoiaren araberako produktuak ere izaten ditu, besteak beste, inauterietan tostadak egiteko ogia, Gabonetako gozokiak, Halloweengo gailetak edo institutuko ikasleentzako opilak. "Korapilatzen ibiltzea gustatzen zaidanez, denetarik ekartzen dut dendara, baina Plentzian aukera gutxi dago, beraz, horiek saldu ere egiten dira".
Berak urteko goiz guztietan zabaltzen du denda, "Gabon egunean eta urte berrian izan ezik". Horrek bere lana nahiko gogorra egiten duela dio. Bere negozioa hobetzeko herrian aparkaleku gehiago egon beharko liratekeela ere gaineratu du, "udan bereziki"; izan ere, dioenez, aurreko udan Udalak ezarritako aparkatzeko sistemak jendea uxatu egin zuen. Horrez gain, lokala berritzeko eta TicketBAI sistemara egokitzeko ere laguntzak izatea ondo etorriko litzaizkiokeela gaineratu du.