Ingeborg Drieskens duela 35 urte heldu zen gurera eta denbora baterako izan behar zen egonaldiak orain arte irauten du. Bere alaba Isis Cloetek bi urte zituen etorri zirenean, baina adierazi duenez, "lur honek primeran hartu gaitu eta bere paisaiakaz eta jendeagaz maiteminduta gaude, beraz, inork ez gaitu Belgikara itzularaziko". 2021ean, beste hainbat eskoletan egon ostean, indarrak batzea eta beraien zentroa erabaki zuten, horietan ikusitako gabeziak eta beharrizanak antzeman eta gero, "beste modu batean lan egin zitekeela ikusi baikenuen", azaldu du Ingeles Filologia ere ikasi zuen Cloetek.
Gehienez 10 ikasleko taldeak dituzte, mailaren arabera antolatuta; klaseak ordu bikoak izaten dira eta 8 eta 18 urteko ikasleez gain, helduentzako eskolak ere eskaintzen dituzte. Drieskensek zehaztu duenez, ingelesa irakasteko oso modu pertsonalizatua baliatzen dute, ikasle bakoitzaren beharrizanen eta gaitasunen araberakoa, hain zuzen. Bera psikologoa ere bada eta azpimarratu duenez, "psikologiak garrantzi handia dauka hezkuntzan, elkarregaz konektatzea gakoa delako; ikasle bakoitza mundu bat da, denek daukate ikasteko eta aurrera egiteko ahalmena, kontua konfiantza ematea da, ikasle motibatuek askoz hobeto ikasten dutelako, eta motibazioaren jatorria autoestimuan dagoelako".
Diotenez, beraien arrakasta ahoz ahokoari esker izan da, ez baitute ez webgunerik ezta sare sozialik ere: "Espero dugu harrotasunez esaten jarraitu ahal izatea azterketa ofizialetara aurkezten diren gure ikasleen % 100ek ziurtagiria lortzen dutela; izan ere, gaur egun, ingelesez hitz egitea aukera handia da bizitzako arlo askotan, zientzien eta harremanen hizkuntza gisa duen garrantzia eztabaidaezina baita".
Gaur-gaurkoz mugikorren eta adimen artifizialaren bidez hizkuntzak ikasi eta itzuli daitezkeen arren, beraiek azpimarratu dute teknologiak ez lukeela gizakiaren adimena ordezkatu beharko, aldiz, gure zerbitzura egon beharko litzatekeela. "Horregatik, adimena lantzen jarraitu behar dugu, eta hizkuntza bat ikastea garunaren plastikotasuna edozein adinetan areagotzeko eta mantentzeko modu bikaina da".