Udalak adierazi du Udako hilabeteetan indarrean egongo den aparkalekua mugatzeko ordenantza bigarren urtez abian jartzeko egokitzapenak egiten ari direla. Hala, aparkalekuak hobeto bereizteko, egoiliarrentzako aparkalekuak gorriz margotuko dituzte. Hala, orain arte "R" edo "B" bategaz eta urdinez adierazitako aparkalekuak gorriz adieraziko dituzte hemendik aurrera.
Horrez gain, kolore urdinagaz txandakako guneak seinalatuta egongo dira; batetik, Labasture, Arraun eta Frontoia kaleetan, eta bestetik, Jai Alai frontoiaren ondoan.
Iaz bezala, Txipio eta Errotabarriko aparkalekuetan ez da mugarik egongo aurten ere; aldiz, metro-geltokiko aparkalekuak gehienez bederatzi orduko muga izango du, Udalak adierazi duenez, garraio publikoaren erabilera sustatzeko.
Aparkalekuetarako baimen bereziak eskatzeari dagokionez, udalerrian lan egiten dutenek euren baimena berritu beharko dute. Aitzitik, gainontzeko bizilagunek, herrian erroldatutako enpresa-ibilgailuek, Arpillaoko aparkalekuko emakidunen ibilgailuek eta mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuek ez dute izapiderik egin beharko, beraien baldintzak aldatu ez badira. Eskaerak Udaleko webgunetik edo udaletxean bertan egin daitezke maiatzaren 25era arte.