Etxebizitza turistikoak arautzeko deia egin die Plentziako Udalak komunitateei

Ander Zarraga 2025ko mai. 29a, 10:47

Udalak adierazi du neurri horregaz udalerri "orekatu eta iraunkor" bat sustatu gura duela, Plentzia bizi gura dutenen zerbitzura dauden etxebizitzakaz.

Plentziako etxebizitzak pisu turistiko gisa erabiltzea mugatzeko edo debekatzeko legezko aukerari buruz informatzeko kanpaina bat abiarazi du Udalak. Ekimenaren helburu nagusia herritarrak eta jabe-komunitateak informatzea da, turistifikazioaren ondorio kaltegarriak geldiarazteko, etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera babesteko eta bertako egoiliarren lekualdatzea ekiditeko.

Udaleko iturriek azaldu dutenez, oraindik indarrean dauden 1993ko Arau Subsidiarioek ez dute erregulazio espezifikorik aurreikusten pisu turistikoentzat, eta horrek mugatu egiten ditu Udalaren egiturazko jarduerak. Oraindik Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) onartzeko zain dagoenez, eta horren garapena sei eta zortzi urte bitartean luza daitekeenez, Udalak prebentzio-neurri hori planteatu du epe laburrean egungo bizitegi-krisiaren aurrean jarduteko.

Argudiatu dutenez, Plentziak, kostaldeko beste udalerri batzuek bezala, "eskaintza turistikoaren hazkunde desorekatuaren eta egungo etxebizitza-krisiaren erronkei egin behar die aurre". Gaineratu dute 2025 Soziometroaren​ arabera, EAEko biztanleriaren % 47k kezka adierazten duela euren bizilekuaren egoeragatik.

Besteak beste, arrazoitu dute fenomeno horrek higiezinen espekulazioa, alokairuaren eta salmentarako etxeen garestitzea eta bertako biztanleriaren desplazamendua bezalako arriskuak dakarrela. "Alokairu tradizionalaren merkatua murrizten ari den bitartean, etxebizitza turistikoen eskaintza etengabe hazten ari da", ohartarazi dute.

Arrisku horren aurrean, Udalak azaldu du Jabetza Horizontalaren Legeak pisu turistikoak mugatzeko eta debekatzeko aukera ematen duela estatutuen bidez. Hala, HAPO onartu bitartean, jabe-komunitateei gomendatu die neurria ugazaba guztiei jakinaraztea, neurriak gehiengo kualifikatuz onartzea, aldaketak lege-aholkularitza bategaz idaztea eta erabakia Jabetza Erregistroan inskribatzea.

Baliabideak herritarren esku

Udalak jakinarazi du arreta espezializatuko zerbitzu bat jarri duela komunitateen eskura Etxebizitza Bulegoan maiatzean eta ekainean, aldez aurretik hitzordua eskatuta 688 780 673 telefonoan. Gainera, azalpen-liburuxka bat, informazio-kartel bat eta estatutuak aldatzeko lege-prozesua errazteko zirriborro orientagarriak ere banatu ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun