Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko 12. Itsas Martxa egin zuten zapatuan, hilaren 5ean, Plentzian. Urtez urte gero eta parte-hartzaile gehiago biltzen ditu ekimenak, eta, aurtengoan, 500 lagunetik gora elkartu ziren.
Andrea Egozkue antolatzaileetako batek azaldu duenez, mobilizazioa eta festa batzen dituen ekimena da Itsas Martxa eta, goizetik hasita, egun osoa hartzen du. Eguerdiko 12:00etan ekin zioten egitarauari Piruliko plazan. Han ekitaldi nagusia egin zuten eta martxari hasiera eman, bai itsasadarretik bai lurretik, hondartzaraino. Uretatik, 220 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten zeharkaldian, itsasontzietan, kayaketan edota paddle-tauletan, eta beste asko pasealekutik ibili ziren, itsasontzietako batean zihoan Xabi Solano musikariaren doinuek lagunduta.
Elkartasun keinu bat gehiago
Egozkueren berbetan, azken urteotan aurrerapausoak eman dira euskal presoen kaleratze-prozesuan, baina gogoratu du askotan hori ez dela beti erraza izaten, eta espetxealdia amaitzeak ez duela esan gura kondena guztiz bukatu denik; "hori ere ikusarazi nahi izan dugu". Ildo horretan, Harrera Elkartearen lana nabarmendu zuten ekimenean. Halaber, azpimarratu du oraindino badaudela kideak kartzelan edo erbestean, eta beraz, lana dagoela oraindino egiteko.
Aurtengo edizioan, gainera, aipamen berezia egin zioten Palestinari. “Ez dugu ahaztu behar hemen ditugun preso politiko eta iheslariak gatazka nazional baten ondorio direla, herri zapaldu bat garelako. Horregatik, ezin dugu isilik utzi palestinar herriak jasaten ari den egoera”, adierazi du Egozkuek.