Roberto Hernandezen akuarelek Plentziak itsasoagaz izandako harremana gogoratuko dute

Ander Zarraga 2025ko uzt. 14a, 11:03

Plentziako itsas oroimena gogoratzen duen Roberto Hernandezen akuarela erakusketa egongo da ikusgai Goñi Portalen. © ROBERTO HERNANDEZ

Plentziako itsas historiari eta iragan kolektiboari aitortza egiten dion Itsasontzien ilustratzailea erakusketa ikusgai egongo da uztail osoan Goñi Portal kultur etxean. Roberto Hernandez marrazkilariaren 17 akuarelek hiribilduaren itsas kultura eta memoria historikoa gogora ekartzen dituzte, artearen bidez.

Plentzia itsas historia aberats eta hunkigarria gordetzen duen herria da. Iragan hori berreskuratzeko eta ikusgai jartzeko helburuagaz, Roberto Hernandez artista kanariarrak Itsasontzien ilustratzailea izeneko akuarela-erakusketa aurkeztu du Goñi Portal Kultur Etxean. Uztail osoan ikusgai egongo den erakusketa horretan 2015 eta 2023 artean sortutako eta itsas-giroko eszena historikoetan oinarritutako 17 akuarela egongo dira ikusgai.

Hernandez, itsas munduarekiko zaletasun sakona duen marrazkilaria eta itsasgizona da, eta forma zehatza eta kolore biziko akuarela teknikagaz aritzen da. Bere lanak artistikoak izateaz gain, dokumentazio historiko zorrotza ere. badute atzean. Hala, erakusketan Plentziagaz lotura estua duten hainbat ontzi ere azalduko dira. Besteak beste, XIX. mendeko Quechemarines merkataritza-ontziak, Ramon de la Sotaren Ama Begoñakoa belaontzia, Alavesa fragata filipinarra eta Príncipe de Asturias luxuzko bapore ospetsua, zeinaren kapitaina, Jose Lotina, plentziarra izan zen.

"Itsasontzi bat ez da objektu bat bakarrik: izen bat du, helmuga bat, eta atzean istorio bat", adierazi du Hernandezek erakusketari buruz. Bere esanetan, "artelan bakoitza leiho bat da gure herriaren memoria kolektibora, eta ikusleari aukera ematen dio Plentziako portuak eta itsas giroa beste begirada batez sentitzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun