Bere ibilbidean zehar, PTBk Plentziako ohiturei eta gertaera garrantzitsuen lekuko izan zen, baita askorentzako komunikazioaren eta kazetaritzaren alorrean trebatzeko eskola ere. Bere platoa hiltegi zaharrean kokatua zegoen, eta Barrikako Gana mendian zuen antena herriko ikasle, bizilagun eta garai hartako pertsonaia ezagun askok erabili zuten: Herri Torrontegui, Mario Pardo eta Jose Mari Gorordo, besteak beste. PTBk eztabaidak, kaleko elkarrizketak eta bideo-maratoiak antolatu zituen herriko jaietan, komunitatean aztarna iraunkorra utziz.
Proiektua duela 38 urte jaio zen, teknologia guztiz desberdina zen garan. 1987an, gutxik zeukaten bideo-kamera bat, eta gertaerak grabatzea ez zen ohikoa. Hala ere, Juan Aranburu El Boti eta beste hainbat boluntarioren ikuspegiari, trebeziari, pasioari eta ahaleginari esker, PTB martxan jartzea lortu zuten. Estatuan aitzindaria izan zen eta garai hartako agintarien eszeptizismoari aurre egin zion.
Elkarte hori desegin ondoren, PTBren artxibo osoa Plasentia de Butron museoari laga zioten. Hala, 2024ko urtarriletik, museoa eta Plentziako udaletxea elkarregaz lanean aritu dira artxibo osoaren digitalizazioan eta katalogazioan; guztira, 7.000 Gigabyte baino gehiago bildu dituzte ikus-entzunezko edukietan. Bi urteko lana aurrera eramateko Uribe Kostako Behargintzak daraman Lanbide FS Plus programaren laguntza ere izan dute.
Lehen digitalizazio fasea ia amaituta dagoela adierazi dute jardunean aritu direnak, eta lehen emaitzak laster YouTuben egongo dira ikusgai. Hala ere, zehaztu dute eduki digitalizatuaren hedapenerako bigarren faseak denbora gehiago beharko duela, edukien bolumenagatik. Beraz, artxibo osoaren igoera pixkanaka egingo dute hurrengo urteetan zehar.
Agurra
Bariku honetan, uztailaren 18an, 19:30etik aurrera, PTBri behar bezalako agurra emateko ekitaldia egingo dute Ontziola plazan. Horretan, PTBko kide ohien mahai-ingurua, YouTubeko kanala publiko egitea, artxiboaren bideo-maratoia tokiko telebistaren parte-hartzaileek euren oroitzapenak eta pasadizoak partekatuko dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "ekitaldi hau etapa baten amaiera eta PTBren artxibo ikus-entzunezkoaren irekitze sinbolikoa izango da. Hemendik aurrera, edozein pertsonak Plentziako oroimena edozein lekutik ikusi eta partekatzeko aukera izango du".