Plentzian hasiko dute emakume pilotarien Udako Master Laboral Kutxa Torneoa

Ander Zarraga 2025ko uzt. 18a, 13:40

Udako Master Laboral Kutxa txapelketako aurkezpenean izan ziren pilotariak. © LABORAL KUTXA

Uztailaren 20tik irailaren 28ra jokatuko den emakume pilotarien goi milako binakako txapelketak 25 udalerri zeharkatuko ditu, Plentzian hasi eta Bermeora arte. 

Emakume pilotarien maila eta ikusgarritasuna zabaltzeko bidean, ezinbesteko zita bihurtu da Udako Master Laboral Kutxa Torneoa. Aurtengo edizioa domeka honetan hasiko da Plentziako Jai Alai frontoian eta irailaren 28an bukatuko da Bermeoko Artza pilotalekuan; tartean, 25 udalerri bisitatuko dituzte. Multzo bitan banatutako zortzi bikotek parte hartuko dute goi mailako binakako lehiaketa honetan: A taldean Aldai-Bergara, Arrizabalaga-Zabala, Ibarrola-Mendizabal eta Zabaleta-Oses arituko dira eta Etxegarai-Bertiz, Lide Lopez-Erasun, Uriarte-Gaminde eta Arraiza-Capellanek osatuko dute B multzoa. Finalerdiak irailaren 19an jokatuko dira Oñatiko Zubikoa pilotalekuan.

Txapelketak emakume pilotarien egutegi trinkoa osatzeaz gain, harrobiko gazteentzako aukera paregabea eskainiko du lehen mailako kirolarien jarduna gertutik ezagutzeko. Finala, gainera, zuzenean eskainiko dute ETB1, ETB.eus eta ETB Sat kateek, lehiaketaren ikusgarritasuna bermatzeko.

Laboral Kutxako ordezkari Alvaro Parroren hitzetan, “oso txapelketa lehiatua eta orekatua izango da, eta udalerri askotan jokatzeak txapelketari xarma berezia ematen dio”. Txapelketa honek, beraz, kirola eta herriz herriko partaidetza uztartuko ditu uda osoan zehar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun