"Canguro" barraka itxi dute plentzian, segurtasun-neurrietan irregulartasun bat aurkitu ostean

Ander Zarraga 2025ko uzt. 22a, 17:15

"Canguro" barraka Plentziako jaietan.

Herritar baten ohartarazpenari esker, "Canguro" izeneko barrakan segurtasun-irregulartasun bat atzeman du Plentziako Udalak. Ondorengo azterketa tekniko baten ostean, eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuagaz, atrakzioa behin-behinean ixtea erabaki dute beharrezko konponketak egin arte.

Udaletik nabarmendu dute atrakzio guztiak irekiera baino lehen Bizkaiko Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak bisatu eta muntaketa-ziurtagiria jasota egoten direla. Kasu honetan ere horrela izan da, baina barrakaren funtzionamenduan ondorengo irregulartasuna detektatu izanak eragin du segurtasun-neurrien zorroztea.

Salaketa egin zuen herritarrak sare sozialetan azaldu duenez, "zortzi bagoitik gora zituzten uhalak hautsita zeuden", eta arazoaz ohartarazi arren, barrakaren arduradunak ez zuen inolako neurririk hartu. Horrek eragin du udal-teknikariek esku hartzea, arriskua egiaztatu eta ixteko erabakia hartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun