1,4 milioi euro inbertituko dituzte Plentziako kale nagusietako azpiegitura eta irisgarritasuna hobetzeko

Ander 2025ko uzt. 28a, 11:54

Kaleen eraberritze-proiektua zazpi fasetan banatuko dutela iragarri dute. © PLENTZIAKO UDALA

Mungia Bidea, Gaminiz eta Portaleta kaleetan berrurbanizazio integrala egingo dute, herriko irisgarritasuna, azpiegiturak eta erabilera publikoaren kalitatea hobetzeko helburuagaz. Lanek 6.000 metro koadroko eremua hartuko dute eta kontrata bidezko gauzatze-aurrekontua 1.469.670,12 eurokoa izango da, BEZa barne.

Esku-hartze horren bidez Udalak irisgarritasuna hobetu eta oztopo arkitektonikoak ezabatu gura dituzte. Hala, batetik, Mungia Bidean, ibilgailuentzako bi noranzko mantenduko dituzte eta bi metroko zabalera duen espaloia egingo dute kaleko zenbaki bakoitien aldean. Bestetik, Gaminiz kalean, plataforma bakarreko diseinua aplikatuko dute, eskailerarik eta zintarririk gabe, kalea irisgarriagoa eta erabilerraza izan dadin pertsona guztientzat. Azkenik, Portaletan, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat aparkaleku egokitua jarriko dute, eta kontainerrak eta hiri-altzari berriak kokatzeko irla berriak ere proiektatuko dituzte.

Proiektua 30 egunez jendaurrean jarri dute ikusgai Plentziako Udaleko webgunean, pertsona interesdunek kontsultatu eta alegazioak aurkez ditzaten. Azaldu dutenez, lanak zazpi fasetan egingo dituzte, Mungia Bidetik hasita, Gaminiz eta Portaleta kaleetarantz eginez. 

Proiektuan jasotzen denez, aparkaleku berriak ere sortuko dituzte Gaminiz kalean, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako plazak jarriko dituzte Portaleta inguruan. Gainera, edukiontzi berriak kokatzeko irlak eta hiri-altzari berriak ere instalatuko dituzte.

Lanek beste helburu bat ere izango dute: ur, saneamendu eta argindar sareak berritzea. Horretarako, ur beltzak biltzeko kolektore berria eraikiko dute, baita kanalizazio elektriko berriak ere.

Proiektuaren arabera, lanek 1.020.675 euroko kostu zuzena izango dute, eta BEZa barne kontratu bidezko exekuzioaren aurrekontua 1.469.670 eurokoa da. Obrak Mungia Bidearen beheko biribilgunetik Gaminiz kaleagaz egiten duen bidegurutzeraino eta handik Andra Mariko ermitara arteko zatian egingo dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun