Hainbat horma-irudi ikusgarri egin dituzte Plentzian, proiektu komunitario eta artistiko bati esker

Estibaliz Maguregi · Ander Zarraga 2025ko uzt. 30a, 11:04

Arpillaoko lokalak, Areatza kalea, Labasture frontoia, hondartzako paseoko bankuak, Jai Alai frontoia eta udaletxearen ondoko Eugenio Campillo jolaslekua horma-irudi ikusgarriakaz apaindu dituzte. Udalak eta Lanbidek burututako ekimenean arteagaz zerikusirik ez duten hainbat herritarrek parte hartu dute, esperientzia komunitario eta artistikoa garatzeko.

Sei hilabeteko lanaren ostean, Plentziako hainbat txoko apaintzen dituzten mural ikusgarriak bukatutzat eman dituzte. Gizarteratze proiektu komunitario eta artistiko honi esker, hainbat plentzitarrek parte hartu dute egitasmoan, besteak beste, Arpillao edo herriko pilotalekuei itxura berria emateko. 

Zehatz-mehatz, hauek izan dira egin dituzten muralak: Korala, Arpillaoko lokaletan, Basoa Areatza kalean, Emakumea eta pilota Labasture frontoian, Ortzimugaren koloreak hondartzako paseoko bankuetan, Geometriarekin jolasean Azurtegiondo eta Jai Alai frontoian eta Emozioen labirintoa Eugenio Campillo jolastokian.

Lanbidek eta Plentziako Udalak elkarregaz garatutako proiektua Gaztaroa-Sartu kooperatibak kudeatu du. Duela sei hilabete abiatu zen ekimenean gizarte hezitzaile bat, muralista profesional bat, kudeatzaile bat eta zortzi behargin egon dira muralista bezala lanean. Modu autonomoan eta herritarren parte-hartzeagaz garatu duten egitasmo honek asmo inklusiboa eta komunitarioa ere izan du; izan ere, Plentziagaz edo muralen inguruko kokalekuagaz lotura duten artelanak parte hartu duten kideek sortu dituzte, baina herritarrek horiek aukeratzeko aukera ere izan dute

"Hilabete gitxitan, arteagaz zerikusirik ez dekon jende honek kriston lana egin dabe eta hainbat leku guztiz berriztu dabez", azaldu du Nerea Zarraga gizarte hezitzaileak. "Arteagaz zerikusirik ez duen jendea horretara erakartzeko helburua izan dau proiektuak, baita zahartuta dauzen lekuei bizi berri bat emateko ere", gaineratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun