Jazzaren erritmoek hartuko dute Plentzia abuztuaren 8an eta 9an Agorrijazz jaialdiaren edizio berri batean. Guztiz doakoa izango den jaialdia Lindy Hop dantza-tailerragaz abiatuko da barikuan, 18:00etan, Ontziola plzan, eta ordu bete geroago dantzaldia izango da, Swing Side taldearen eskutik.
Kontzertu nagusiak Eleiz enparantzan izango dira, eta emakumeen presentzia nabarmena izango da edizio honetan. Hala, Haizea Martiartu saxofoi-jotzaileak emango dio hasiera jaialdiari 20:00etan, euskal sustraiak eta jazzaren tradizioa uztartzen dituen Zutabe izeneko bere proiektu intimo eta pertsonala aurkeztuz.
22:00etan, Itziar Yagüe abeslari eta konpositore madrildarrak Girl like me diskoa aurkeztuko du. Soul, country eta R&B doinuak nahasten dituen lana da, Paul San Martin (pianoa), Raul Platz (kontrabaxua) eta Pascu Monge (bateria) musikarien laguntzagaz taularatuko dena.
Zapatuan, abuztuaren 9an, Victor de Diego saxo-jotzaile bizkaitarrak lau musikarik osatutako laukotea aurkeztuko du 20:00etan. Bartzelonan bizi arren, euskal eszenako musikari ezagunakaz ariko da: Marcos Salcines (pianoa), Eric Surmenian (kontrabaxua) eta Eneko Arbela (bateria). De Diegoren pieza originaletan oinarritutako errepertorioa aurkeztuko dute.
22:00etan, jaialdiari amaiera emateko, Marta Mansilla flautistaren EME EME Project igoko da agertokira. Jazz esperimentala, hip hopa eta soula uztartzen dituen proiektu pertsonala da, David Sancho (pianoa), Jesus Caparros (baxua), Rodrigo Ballesteros (bateria) eta At One (ahotsa) musikarien laguntzaz.