Goazenup Sup Raceren edizio berri bat ospatuko dute Plentzian hilaren 27an. Kirola eta elkartasuna bateratzen dituen hitzordu honetan, paddle surfa, kultur jarduerak eta musika uztartuko dituzte, kirol egokitua eta gizarte inklusioa sustatzen jarraitzeko helburu argiagaz.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, jardunaldiak hainbat proba izango ditu: Sup Yoga, zuzeneko grafitiak, Pro lasterketak, umeen lasterketa eta Sup herrikoia..., baita zozketak, sariak eta jarduera paraleloak ere, jai eta familia giroan.
Gainera, aurten, Sup Racek elkartasunean urrats berri bat emango duela ere azpimarratu dute GoazenUpeko arduradunek: Gazako errefuxiatuei laguntza ematen dien UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziagaz lankidetza. Hala, zapatuko ekitaldian zehar informazio stand bat, uretan mosaiko bat Gaza hitzagaz eta janari palestinarraren dastaketa egingo dituzte. Era berean, egun horretan ateratzen duten etekina agentzia humanitario horretara bideratuko dute oso-osorik.
Antolakuntzako kideek azpimarratu dutenez, "elkartasun ekitaldi bat da, bokazio plurala duena eta arlo humanitarioan zentratua dagoena. Bertan, Palestinako elementu kulturalak soilik egongo dira, hala nola banderak edo zapiak".
Zapatuko ekintzetan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude eta Goazenupen sareetan eskuragarri dagoen formulario honen bidez.