Urriaren 16tik 18ra

XIII. Lanbro Beltza: Plentzia berriro genero beltzaren hiriburu bihurtuko da

Ander Zarraga 2025ko urr. 2a, 13:14

Plentzia prest dago Lanbro Beltza topaketaren 13. edizioa hartzeko. Urriaren 16tik 18ra bitartean egingo dute, Goñi Portal kultur etxean. Literaturaren genero beltzaren zaleentzako hitzordu nagusietako bat den jaialdi honek lehen mailako idazleak, kazetariak eta irakasleak bilduko ditu aurten ere.

Txapel Noir eta Tertulia Noir izeneko mahai-inguruetan hamarnaka autorek parte hartuko dute, tartean Hermelo Molero, Aritza Bergara, Ricardo Gomez, Haizea López, Arantza Portabales edota Eduardo Fernan Lopez. Urtero legez, egingo dituzten hitzaldi eta mahai-inguruetan genero beltzaren ikuspegi desberdinak aztertuko dituzte, idazketa prozesuetatik gaur egungo joeretara arte.

Jarduera nabarmenen artean, zapatuan, urriaren 18an, ekitaldi nagusi bi egingo dituzte: Las caras del crimen hitzaldia, Paz Velasco de la Fuente kriminologoak gidatuta, eta Del mar llega la Bruma mahai-ingurua. Egun berean, 19:30ean, literatura beltzaren klasikoari buruzko eztabaida egingo dute, eta Eugenio Fuentes idazleak jasoko du egindako ibilbide osoaren aitortza gisa Lanbro Beltza saria 2025.

Aste-akabua borobiltzeko, kontakizun laburren lehiaketaren sari-banaketa ere egingo dute zapatu gauean, Ricardo Bosque eta Noemi Pastorrek aurkeztuta. 

Egitaraua:

Urriak 16, eguena

  • 19:00 Irekiera ekitaldia, Goñi Portal.

Urriak 17, barikua

  • 18:00 Txapel Noir – Mahai-ingurua, Goñi Portal.
  • 19:30 Tertulia Noir – Mahai-ingurua, Goñi Portal.

Urriak 18, zapatua

  • 12:30 Las caras del crimen – Paz Velasco de la Fuente, Goñi Portal.
  • 18:00 Del mar llega la Bruma – Mahai-ingurua, Goñi Portal.
  • 19:30 Literatur klasikoen inguruko eztabaida, Goñi Portal.
  • 20:30 Lanbro Beltza 2025 saria: Eugenio Fuentes idazleari omenaldia, Goñi Portal.
  • 21:00 Kontakizun laburren lehiaketaren sari banaketa, Goñi Portal.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun