"Zer jakin beharko luke 12 urteko plentziar batek?"

Ander Zarraga 2025ko urr. 23a, 12:40

Plentziako Udalak tokiko ondarea, historia eta kultura biziberritzeko ibilbide interaktibo bat sortzeko proiektu berritzaile bat jarri du martxan. Plentziako Uribe Kosta BHI, Hik Hasi, Oinherri eta Udalbiltzaren laguntzagaz, institutuko ikasleek osatuko dute ibilbidea, helburu argi bategaz: herriaren iragana eta oraina modu atsegin, parte-hartzaile eta pedagogikoan ezagutaraztea.

Egitasmoaren ardatza DBH 2. mailako ikasleak izango dira, beraiek arduratuko baitira ibilbide historiko eta interaktibo bat diseinatzeaz, Proiektu Komunitarioa ikasgaiko orduetan. Horretarako, informazioa bildu beharko dute eta tokiko eragileak elkarrizketatuko dituzte, hainbat ikerketa-ildo nagusiren inguruan: emakumeen rola, ondare arkitektonikoa, memoria historikoa, naturguneak eta toponimia.

Behin proiektua amaituta, Plentziako Udalak seinale interaktiboak eta QR bidezko elementuak jarriko ditu ibilbideko puntu garrantzitsuenetan, bisitariek eta herritarrek Plentziako historia modu digitalean ezagutzeko aukera izan dezaten. Gainera, sortutako material didaktikoa beste ikastetxe eta udalerri batzuetan ere erabiliko da, Plentziaren esperientzia tokiko hezkuntzaren eta kultur transmisioaren eredugarri bihurtuz.

Ekimena "Plentziaren memoria kolektiboa zaintzeko eta belaunaldien arteko lotura indartzeko urrats garrantzitsua da", adierazi dute udal-iturriek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun