Uribe Kosta BHI institutuko irakasle batek salatu du jazarpena jasan duela hainbat urtez ikasleen partetik. Urriaren 31an orain arte isilpean mantendu den egoerak gainezka egin zuen, 12 eta 17 urteen arteko 50 nerabe bertaratu baitziren haren etxera, irainak oihukatzera eta arrautzak botatzera. Irakasleak gertatutakoa Ertzaintzan salatu du, eta ustezko jazarleak adingabeak direnez, kasua Adingabeen Fiskaltzaren esku dago orain.
Hainbat hedabidek azaldutakoaren arabera, irakasleak urtero jasaten zituen erasoak bere etxean Halloween gauean, gazteen artean ohitura baitzen haren etxera joatea irakasleari eraso egitera. Eskola-kontseiluak ohar bidez jakinarazi duenez, egoera irakasleak gazte talde batek etengabe erasotzen ari zen desgaitasuna zuen familia bat defendatzeko esku-hartu zuenean hasi zen.
Gertaeren larritasuna ikusita, bestea beste, institutuko zuzendaritzak aurreikusitako 4. DBHko ikasketa-bidaia bertan behera uztea erabaki du, neurri zuzentzaile gisa. Horren aurrean, hainbat ikaslek ikasketa-bidaia bertan behera uzteko erabakiagaz beren desadostasuna azaldu zuten eta elkarretaratze bat egin dute gaur. Horretan, irakasleari elkartasuna adierazi diote eta zuzendaritzari eskatu diote neurri zuzentzaileak jazarleei bideratzea eta ez zigorra ez aplikatzea ikasle guztiei.
"Inork ez du merezi bere lanean horrelako egoera bat jasatea, leku segurua izan beharko lukeena. Argi utzi nahi dugu jokabide horren aurka gaudela. Bidegabea, desatsegina eta erabat lekuz kanpokoa iruditzen zaigu. Mingarria egiten zaigu irakasle batek horrelako zerbait bizi behar izana ikasle gutxi batzuen erruz, beren ekintzen ondorioetan pentsatu ez dutelako", adierazi dute gaur elkarretaratzean parte hartu duten ikasleek.
Ez da kasu honegaz lotutako lehen salaketa, izan ere, iaz, urriaren 31an ere, ikasle-talde batek ere eraso egin zion eraso irakasleari. Orduan, 23 ikasleren aurkako espedientea zabaldu zuten eta auzo-lanak egitera behar zituzten; hain zuzen ere, hondartzak garbitu zituzten 9 orduz eta jazarpenaren inguruko liburu irakurri behar izan zuten.