Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emandako ezezkoaren arabera, eraikinak hondartzaren ikuspegia oztopatzen du, inpaktu paisajistikoa sortzen du eta kostaldeko dinamika naturala mugatzen du. Halaber, dokumentuak azpimarratzen du eremua libre mantendu beharko litzatekeela uholde-arriskuak murrizteko eta klima-aldaketara egokitzeko, eta jarduera hori kostaldetik urrun dagoen beste kokaleku batera lekualda litekeela.
Jatorrizko emakida 2007an eman zen eta 2022an iraungi zen, eta hori berritzen ez bazen instalazioak eraitsi egin beharko liratekeela ere dio. Hala ere, Plentziako Udalak eta PiEko zuzendaritzak alegazioak aurkeztu dituzte, azpimarratuz jarduera hori publikoa, egonkorra eta funtsezkoa dela. Gogorarazi dute egoitza hori 1923an eraikitako erietxe zaharra dela, eta mende batez Plentziako paisaiaren eta memoria kolektiboaren parte izan dela.
Plentziako Udalaren arabera, ez da eraikin berria, ezta handitze-proiektu bat ere, baizik eta ondare-balioa duen gune birgaitu bat. Gainera, PiEren ikerketek ondorioztatu dute kokalekua, arroka-eremu batean eta dike batek babestuta dagoenez, ez dela bereziki ahula itsas-mailaren igoeraren edo etorkizuneko ekaitzen aurrean.
2012az geroztik martxan dagoen zentroak ikerketa zientifikoa, unibertsitate-mailako prestakuntza eta ingurumen-dibulgazioa garatzen ditu, guztiak ere diru publikoarekin finantzatuta. Bere arduradunen arabera, itsaso ondoan egotea ezinbestekoa da, ikerketa askok itsasoko ura kantitate handitan eta aztertzen diren ekosistemetara sarbide zuzena behar baitute. Era berean, ohartarazi dute PiEa desagertzeak enplegu kualifikatua galtzea eta nazioarteko masterrak bertan behera uztea ekarriko lukeela.
Gainera, ondorioak ez lirateke esparru akademikora mugatuko, izan ere, PiEa funtsezko pieza da Uribe Kostako ekonomia urdina bultzatzeko estrategian eta Arpillao ingurua berroneratzeko planetan, erabilera zientifiko, hezitzaile eta ingurumenekoen bidez biziberritu nahi den eremu batean.
"Estrategikoa"
Plentziako Udalak azpimarratu du PiEa estrategikoa dela Plentziarentzat, eskualdearentzat eta Euskal Herri osoarentzat, eta euskal erakunde guztiek bat egiten dutela bat balorazio horregaz. Halaber, nabarmendu dute Espainiako Gobernuaren iritzia ez dela loteslea, eta azken erabakia Eusko Jaurlaritzarena dela, zeinak kostaldearen eskumena hartu baitu berriki. Horrenbestez, Plentziako Udalak "ziurtasun osoa" adierazi du baimena luzatuko dela.
Azkenik, Udalak analogia argigarri batekin azaldu du bere jarrera: "PiEa eraistea behatoki astronomiko bat botatzearen parekoa litzateke, kupulek horizontea estaltzen dutela argudiatuta. Ikuspegia zertxobait garbituko litzateke, baina etorkizuna ulertzeko eta hari aurre egiteko beharrezkoak diren ezagutza eta tresnak suntsituko lirateke. Horregatik, Plentziako Udalaren esanetan, kostaldearen etorkizuna hemen erabaki behar da, eta ez Madrilen".