Matxitxakoko batailaren 89. urteurrena gogoratu dute Plentzian memoria ariketa hunkigarri batean

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 6a

Matxitxakoko itsas-batailaren 89. urteurrenean ere gertatutakoaren oroimenak bizi-bizirik jarraitzen duela azpimarratu zuten Plentziako portuan. © KANDELARIA KULTUR ELKARTEA

Atzo, martxoak 5, Plentziako portuan dozenaka herritar eta senide elkartu ziren Kantauriko uren defentsan bizia eman zuten itsas gudariei omenaldia egiteko. Duela 89 urte, 1937ko egun berean, Euzko Gudarostearen lau bou armatuk Canarias gudaontzi frankista erraldoiari aurre egin zioten, askatasunaren eta Euskal Herriaren defentsan borroka desorekatua bezain eredugarria burutuz.

Ekitaldian egindako irakurketan, bereziki azpimarratu zuten belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren garrantzia, eta aurten protagonismo berezia izan dute borrokalari haien ondorengoek. Omenaldian Bou Nabarrako Txomin Ibergarairen seme-alaba guztiak egon ziren, baita Pedro Lopezen bilobak eta Gorostidiren lobak ere, itsas gudariek utzitako hazia bizirik dagoela erakutsiz. Era berean, iazko abuztuan zendutako Pedro Lopez Lezeta Hojalatero gogoan izan zuten; Lopez Percebal artilleroaren semea urtero izaten zen ekitaldian, eta bere familiak jaso zuen herrikideen berotasuna.

Omenaldian gogora ekarri zuten Bou Nabarrako kideek erakutsitako ausardia, ontzia ondoratzea erabaki baitzuten faxisten eskuetan ez erortzeko. Enrique Moreno komandantea eta Ambrosio Sarasola ofiziala itsasontziagaz batera hondoratu ziren, eta Pedro Lopez, Antonio Oleaga, Segundo Arkotxa eta Remigio Atxirika plentziarrak ere batailan hil ziren. Bizirik atera zirenen artean Txomin Ibergaray lemoiztarra zegoen, Ondarretan preso sartu eta heriotza zigorrera kondenatu zutena, nahiz eta geroago zigorra kommutatu zioten.

Itsasoko borrokalariez gain, portuko lurreko langileak eta Eusko Itsas Gudarostean zerbitzua eman zuten hiru emakumeak: Maria Luisa Jimenez, Paquita Garcia eta Miren Leanizbarrutia ere omendu zituzten, Martxoaren 8aren atarian euren papera aldarrikatuz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun