Proiektuaren ardatz nagusia BI-2122 errepidean biribilgune berri bat eraikitzea da. Horren helburua trafikoa baretzea izango da, bereziki Barrikatik datorrena, abiadura murriztera behartuko baitu. Horrek zuzenean eragingo du inguruko oinezkoen pasabideen segurtasuna areagotzen. Horrez gain, biribilguneak Txipio auzorako eta metroaren erabilerari lotutako disuasio-aparkalekurako sarbideak erraztuko dituela ere gaineratu dute arduradunek. Aparkaleku berri horrek 80 plaza baino gehiago izango ditu, eta horrek udalerriko mugikortasuna arintzen lagunduko duela ere gaineratu dute.
Gainera, proiektuak bizikleta-ibilbidea finkatuko duela ere azaldu dute, Plentziako pasabidetik Txipio bideraino doan sareari jarraipena emango baitio. Halaber, garraio publikoaren erabileran eraginkortasuna bilatzeko, BI-2122 errepidean noranzko bakoitzean badia-formako autobus geralekuak ezarriko dituzte, trafikoa oztopatu gabe geldialdiak egiteko. Gainera, azpiegitura berriak Gorliz-Plentzia lineako autobusei biribilgunean bertan noranzkoa aldatzea erraztuko die. Era berea, esku-hartze honek oinezkoentzako gune berriak eta bizikletak aparkatzeko eremuak ere barne hartzen ditu, baita taxi-geltoki bat ere.
Ingurumen integrazioa eta finantzaketa
Proiektua Txipioko paduraren ingurune naturalean integratzeko, hainbat neurri ingurumen-konprometitu hartuko dituztela ere azaldu dute. Horien artean nabarmentzekoak dira marea-erregimena lehengoratzeko jarduketak, drainatze jasangarriko sistemak, areka berdeak, iragazketa-zangak, aparkalekuetarako zoladura ekologikoak eta paisaia-integrazioa errazten duten landaketak.
Jarduketak guztira 2.438.541,89 euroko lizitazio-aurrekontua du. Finantzaketa Bizkaiko Foru Aldundiak (1.341.629,76 euro) eta Plentziako Udalak (1.096.912,13 euro) partekatuko dute. Proiektu honegaz, erakunde biek mugikortasun seguruago, eraginkorrago eta naturarekiko errespetu handiagoa duen herri baten aldeko konpromisoa indartu gura dutela nabarmendu dute.