Itsasertz Mugarteak ontzat jo du Plentziako frontoiaren zati bati babesa kentzea, baina ez Errotabarriko futbol-zelaiarena

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 26a

Erabaki honegaz Plentziako Jai Alai frontoia itsas-lehorreko jabari publikoko izaeratik kanpo geratuko lirateke. © GOOGLE

Plentziako Udalak egindako eskaerari erantzunez, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ebazpena eman du Plentziako hainbat lur-eremuren egoera juridikoari buruz. Ministerioak ontzat jo du Jai-Alai frontoiaren zati txiki baten itsas-lehorreko jabari publikoko izaera kentzeko bidea abiatzea, baina atzera bota du Errotabarriko futbol-zelaia babes horretatik ateratzeko eskaera.

Espedienteak urteetako ibilbidea izan du, Udalak 2019an frontoiko instalazioak eta inguruko eremu batzuk erregularizatzeko aukera aztertzea eskatu zuenetik. Ondoren, proposamena zabaldu zuen, Errotabarriko futbol-zelaiko lurzorua ere itsas-lehorreko jabari publikotik ateratzeko asmoagaz. Trukean, Udalak Txipioko errugbi-zelaiaren inguruko lurrak erosi eta Itsasertz Mugarteari lagatzeko konpromisoa hartu zuen.

Ministerioaren arabera, frontoiaren kasuan egoera desberdina da. Ebazpenean jasotzen denez, itsas-lehorreko jabari publikoaren barruan dagoen 244,7 metro koadroko eremuak bere jatorrizko ezaugarri naturalak galdu ditu eta gaur egun eraikinaren parte da; horrenbestez, administrazioak ondorioztatu du eremu hori jada ez dela beharrezkoa kostaldearen babeserako edo erabilerarako. Beraz, azalera hori desafektatzeko izapideak hasteko eskatu dio Ogasun Ministerioari.

Errotabarriko futbol-zelaiaren kasuan, ordea, erabakia kontrakoa izan da. Ministerioaren ustez, 11.914 metro koadroko eremua itsasadarraren ondoan dago eta oraindino berreskuratzeko moduko ezaugarri naturalak ditu. Gainera, ebazpenak azpimarratzen du klima-aldaketaren ondorioz itsas-mailaren igoera aurreikusten dela eta, horregatik, eremu hori etorkizunean babes publikoko lur gisa mantentzea beharrezkoa dela.

Bestalde, Itsasertz Mugarteak gogorarazi du Errotabarriko instalazioak behin-behineko izaeragaz baimendu zituztela, helburua etorkizunean beste kokaleku batera lekualdatzea zelako. Horren harira, administrazioak adierazi du ez duela onartzen futbol-zelaiaren desafektazioa Txipioko lurren lagapenagaz baldintzatzea, baina prest azaldu da azken horiek etorkizunean jabari publikora gehitzeko, Udalak erosiko balitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun