Asier Astelarra, Arkoteko entrenatzailea: "Taldea erabat aldatu da, baina borrokatzeko gogoakaz gaude"

Xabi Mendia 2026ko ekainaren 9a

Asier Astelarra aurten hartu du Arkoteko gidaritza.

KAE1 Liga hasteko astebete inguru falta denean, Plentziako Arkote taldeak buru-belarri lanean segitzen du denboraldi berriari aurre egiteko bidean. Iazko emaitza bikaina jada itsas hondoan urperatuta dagoelarik, etorkizunari ausart eta konfiantzaz begiratzea baino ez zaie geratzen plentziarrei.

Negua korapilatsua bezain frustragarria izan da taldearentzat. Arraunlari askok taldea utzi zuten eta aurredenboraldi arantzatsua suertatu da. Asier Astelarra prestatzaileak dioen moduan, “tamalez guk neguan ez dugu aurre-denboraldirik egin, ez baitugu jenderik eduki. Maiatzera arte ezin izan dugu fundamentuzko lan saiorik egin. Azken momentuan gazteren bat etorri da Zierbenatik, beste batzuk Bermeotik… eta esan bezala, maiatzera arte ezin izan dugu taldea osatu”.

Datorren ekainaren 20an, Guarnizoko (Kantabria) estropadan, estreinakoz arituko dira Arkotekoak arraunean goitik-behera eraldatutako kuadrillarekin. “Aurten hamasei bat baja izan ditugu bai, eta orain 18/20 urte bitartekoekin eta 40 urtetik gorako beteranoekin taldea osatu behar izan dugu”, azaldu du Astelarrak. Edonola ere, aurredenboraldiko estropadak egin ostean, eta Bizkaiko txapelketan arraun egin ostean, “taldearen giroa erabat aldatu da, baina borrokatzeko gogoakaz gaude”, iragarri du. Iaz egindako denboraldi biribila errepikatzea ia ezinezkoa den arren, abuztuaren 23an, Bilbo Hiria Bandera jokatu bitartean, Astelarraren mutilek lana gogotik egiteko tartea dute. “Helburu nagusia denboraldi dezentea egitea da, eta, ahal bada, maila eutsi. Ikasketa urtea izango da. Gazte askok ez dute sekula estropadarik egin, beraz ikastea ere izango da helburua”.

“Gure mailan faborito argirik ez dut ikusten. Deusto ezkutuan dago, isilpean lan eta lan, ondo gainera… eta uste dut Zarautzekin batera goian egongo direla”

Ederra bezain gogorra den arraunketaren munduan, talde xumeek urtero arazo berdinari egin behar izaten diote aurre, aurrekontua biribildu eta taldea osatu, alegia. Arkoteren antzera, KAE1 Ligako talde gehienek negu partean makina bat buruhauste izan ohi dituzte traineruak betetzeko, baina kresalaren usaina gerturatzen hasten denean, faboritoek beti lortzen dute brankako postuak hartzea. “Esango nuke, aurten aurreko urtean baino talde gehiago egongo direla goiko postuetan. Gure mailan talde oso indartsuak daude, eta askok, galdutako maila berreskuratzen saiatuko dira. Beste batzuk aldiz, joan den denboraldiko maila eutsi baino, gorantza egingo dute, seguru”, aurreratu du Plentziakoak.

Epe luzeko proiektua

Lehenengo arraun-kolpeetatik Arkotekoek garbi dute, aurten beraien “liga” oso bestelakoa izango dela. Gazteek lekukoa jaso dute eta epe-luzera egindako proiektuaren lehen urratsak izango dira uda honetakoak. Mutil asko lehen aldiz sartu dira traineru batean eta kirol honetan esperientzia olatu, korronte eta porrotetan jasotzen da.  “Adibidez, Ander, patroia bera… orain arte ez da sekula traineruan aritu, aurten sartu da eta apurka ikasiko du; 17 urterekin lan asko dauka aurretik. Ona izango da baina esperientzia behar du”.

Astelarrak berak, beterano modura, badaki bere lana ere desberdina izan behar dela: Pazientzia, gertuko lana eta ametsak etorkizunera begira. “Pentsa, gazte hauek egoera bestelakoa balitz ez lukete lekurik izango arraunean egiteko. 18/19 urteko bost edo sei arraunlari ditugu eta hauek inguruan dituzten beteranoen lidergo onartu beharko dute, ogibide hau ondo ikasteko”.

Hausnarketa honek, arraun munduaren etorkizunaren nondik norakoak ere azaltzen dizkigu. Prestatzaileak dioenez, gazte mailetan ere 11 hilabeteko denboraldia egiten da, ia atseden egunik gabe eta zaila da honelako esfortzua nerabeek onartzea. “Plentzia herri txikia izan arren kirol eskaintza handia dauka eta gazteek nahiago dute futbolean edo errugbian aritzea. Arrauna ederra da benetan, baina oso gogorra”.

Zaleei zuzendutako mezuaz galdetu diogunean, Astelarrak argi utzi du bere gogoeta: “Neguan, arraunlaririk ez genuenean, herria urduri zegoen Arkote uretan ez ikusteko arriskua handia baitzen. Arazoak-arazo, taldea osatu da eta Plentzia zein inguruko zaleak gurekin bat egingo dute”.

Itsasoak beti agintzen du. Olatuek ez dakite zer den aurrekontu bat. Korronteek ez gaituzte beti nahi dugun lekura eramaten. Horregatik, aurten, inoiz baino gehiago, Plentziako Arkote osatuko duten gazte zein beteranoek duten guztia emango dute hori-beltzek urteetan zehar adorez defendatu duten maila paladaz-palada hauspoa hustu arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun