Eusko Jaurlaritzak orain arte ikasle askori eskolara segurtasunez iristea ahalbidetzen zien eskola-garraioa kentzea erabaki du. Gainera, neurri horiek testuinguru bereziki delikatu batean hartu dira, ikastetxearen kokapen bereziagatik eta inguruko egiturazko mugengatik. Horrez gain, eskola udalerriko mugikortasun-gune nagusiaren ondoan dago (Metro geltokia eta Plentzia inguratzen duen errepide nagusia, besteak beste).
Familiek ulertezintzat jotzen dute eskola-garraioa kentzen den bitartean erakundeek adingabeen eguneroko joan-etorrietan izango duten eraginari buruzko arriskuen ebaluazio espezifikorik ez egitea. "Lehentasuna haur eta gazteen segurtasuna izan beharko luke. Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ikasleez ari garenez, ez dugu ulertzen nola kendu daitekeen eskola-garraioa, are gehiago kontuan hartuta ingurua obraz beteta egongo dela", adierazi dute familien ordezkariek.
Horren harira, familiek uste dute administrazio ezberdinek hartutako erabakien baturak babesgabetasun egoera sortu duela, eta horrek objektiboki, ikastetxerako eguneroko sarbidearekin lotutako arriskuak handitzen dituela. Ikasleen senitartekoek, hartutako neurriak premiaz berrikustea, bide-segurtasunaren inguruko auditoria independente bat egitea eta datorren ikasturtea hasi aurretik mugikortasun alternatiba seguruak bermatzea eskatu diete Eusko Jaurlaritzari. Era berean, adingabeen arrisku-egoerak handitu ditzaketen edozein neurri etetea eskatzen dute, harik eta eskola-garraioaren ezabaketak eta inguruko obrek izango dituzten ondorioei buruzko ikerketa tekniko oso bat egin arte. Familiek azpimarratzen dute aldarrikapen hau ez dela erosotasun kontu bat, haurren segurtasunarekin lotutako auzia baizik.