Lehenengo hitzordua uztailaren 26an izango da, 10:00etan, Barrika eta Plentzia lotzen zituzten bide zaharrak, baserriak eta paisaia historikoak ezagutzeko ibilbide gidatuagaz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, museoko bazkideek lehentasuna izango dute plazak erreserbatzeko.
Uztailaren 31n, berriz, 12:00etan, Astillero Txiki jarduera egingo dute, haurrei zuzendutako doako itsas tailerra. Bertan, parte-hartzaileek euren zurezko ontzi txikia eraiki eta pertsonalizatzeko aukera izango dute, itsas ondarea modu praktiko eta sortzailean lantzeko.
Horrez gainera, museoak 2026ko aldi baterako erakusketa ere zabaldu du: Plentziako Ontzigintza. Erakusketak XVI. eta XIX. mendeen artean herrian garatu zen ontzigintzaren historia ezagutzeko aukera emango du, maketak, dioramak, jatorrizko tresnak, itsas mapak eta nabigazio-instrumentuak ikusgai jarrita. Aldi berean, museoaren egoitza den 1562ko dorretxe zaharrean zaharberritze-lanek aurrera jarraitzen dute: iaz sistema elektrikoa eta leihoak berritu ondoren, aurten balkoia, 1562ko inskripzioa eta Errege-erregina Katolikoen zein Plentziako armarriak zaharberritzen ari dira, eta teilatuan ere lanak egitea aurreikusi dute.