Udako jaiak 2026

Agasne Uribarri: "Herriko bizitzan parte hartzea da kontua"

Ander Zarraga 2026ko abuztuaren 3a

Mikel Gondra, Agasne Uribarri, Katrin Landia eta Unax Astelarra iazko jaietan.

Agasne Uribarri Plentziako jaietako Madalentxu izango da abuztuaren 22ra arte. Egun horretan, urte honetan aukeratutako Antolintxu, Madalentxu eta Antolintxu zein Madalentxu txikiak aurkeztuko dituzte, eta lekukoa emango die festetako aurtengo protagonistei. Egun hori heldu bitartean, esperientzia nolakoa izan den galdetu diogu Uribarriri.

Nola bizi izan zenuen aukeratua izan zinela jakin zenuen unea?

Deitu nindutenean ez nuen inondik inora espero. Hasieran zalantza izan nuen, noski, ardura handia delako; azken batean, hainbat egunetan herriaren aurrean egon behar zara ordezkari moduan. Azkenean baietz esan nuen, eta sekulako pozarekin bizi izan nuen esperientzia.

Urtero Madalentxuak eta Antolintxuak modu demokratikoan aukeratzen dira. Zergatik uste duzu aukeratu zintuztela?

Herrian kutxak jartzen dira eta jendeak izenak bozkatzen ditu; gero, elkarteek aukeratzen gaituzte hautagaien artean. Ez nuen espero jendeak nigan pentsatzea. Betidanik parte hartu izan dut herriko gauzetan, baina ez nuke esango bereziki festazalea naizenik. Herrian ezaguna izatea da kontua, berdin dio hemen jaioa edo udatiarra zaren: belaunaldi desberdinekin harremana edukitzea, herriko eguneroko bizitzan parte hartzea... Alde horretatik bai, herriarekin lotura handia daukat.

Zuretzat urte bereziki hunkigarria izan da gainera.

Bai, guztiz. Niretzat opari bat izan zen. Aitaren zaintzan gehiago egon behar izan genuen, eta berarekin azken une horiek bizitzea opari bat izan zen. Madalentxu izatean bere aurpegian ikustea… hori oso hunkigarria izan zen. Herria, jendea, harremanak, auzolana… hori guztia oso inportantea zen berarentzat.

Izendapena ez da jaietara bakarrik mugatzen, ezta?

Ez, urte osoan zehar hainbat konpromiso ditugu, talde berezi bat bezalakoa da eta egiten diren ekitaldi berezi batzuetan ere partu hartu behar dugu. Adibidez, Madalenetan ere guk botatzen dugu txupinazoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun