Plentziako Udalak Uriola tabernaren terraza lekuz aldatzea gura du

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 13a

Uriola tabernak sinadura-bilketa abiatu du terraza dagoen bezala mantentzearen alde. © MAPS

Udalaren arabera, egungo kokapenak ez du betetzen terrazak arautzen dituen udal ordenantza; tabernak eta hainbat herritarrek, aldiz, urteak daramatzan espazioa mantentzea eskatu dute.

Uriola tabernaren terraza azken urteotan Antonio Cuesta plazako irudiaren parte izan da. Uda iristeagaz batera, mahaiak eta aulkiak iturriaren inguruan jartzen dira, itsasadarraren ondoan. Hala ere, terrazaren etorkizuna ez dago bermatuta. Plentziako Udalak jakinarazi du ez duela baimenduko egungo kokapenean mantentzea, eta herritar batzuk sinadurak biltzen hasi dira hori saihesteko.

Udalak azaldu du arazoa ez dela terraza bera, haren kokapena baizik. Izan ere, mahaiak eta aulkiak oinezkoentzako pasabide eta egoteko gune publiko batean jartzen dira, eta horrek ez du bat egiten ostalaritzako terrazak arautzen dituen udal ordenantzagaz. Gobernu taldearen ustez, gainera, espazio publikoaren erabilera pribatua dakar eta irisgarritasuna oztopa dezake.

Udalak dio ez duela Uriolak terraza izatearen aurka egiten. Aitzitik, alternatiba bat proposatu dio tabernari: mahaiak metro gutxi batzuk lekualdatzea, itsas pasealekura.

Horretarako, Kostaldearen Zuzendaritzari txosten bat eskatu zion, eta aldeko irizpena jaso zuen. Beraz, administrazioaren arabera, terraza mantendu daiteke, baina egungo kokapenetik kanpo.

Ordenantza berria guztientzako

Gatazka udalerrian terrazen mugak seinaleztatzeko lanak amaitu eta aste gutxira piztu da. Udalak lurrean margotu ditu establezimendu bakoitzaren baimendutako mugak, 2023aren amaieran behin betiko onartutako ordenantza berria aplikatzeko.

Gobernu taldeak gogorarazi du ostalariek denbora izan zutela terrazak araudira egokitzeko eta, behar izan zuten kasuetan, epeak luzatu eta banakako bilerak egin zituztela. Horregatik, uste du Uriolari salbuespena egiteak bidegabekeria ekarriko lukeela araudia bete duten gainerako establezimenduekiko.

Bestalde, Uriola tabernak sinadura-bilketa abiatu du terraza dagoen bezala mantentzearen alde. Babesleen ustez, espazio hori herriko paisaiaren parte bihurtu da eta urte hauetan ez du bizikidetza-arazorik sortu.

Espedientea zabalik dago oraindik

Udalaren arabera, tabernak onartu zuen terraza lekuz aldatzeko aukera, baina aurkeztutako dokumentazioa ez dago osorik. Horregatik, eskaera zati batean ezesteko izapideak hasi ditu.

Hala ere, gobernu taldeak auzia itxita ez dagoela argitu du. Azaldu duenez, establezimenduak dokumentazioa behar bezala aurkezten badu, terraza kokapen berrian baimentzeko espedientea izapidetu eta onartu ahal izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun