Kpitan elkarteko boluntarioek hondakinak biltzen jarraituko dute Plentziako itsasadarrean

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 3a

Elkarteak herritarrak ere kontzientziatu gura ditu, keinu txikiek ere eragina dutela gogoraraziz. © KPITAN

Plentziako itsasadarrean behera doazen plastikoak, zigarrokinak eta bestelako hondakinak biltzen aritu dira uztailean Kpitan elkarteko boluntarioak. Itsasbeherak aprobetxatuta, hainbat garbiketa-jardunaldi egin dituzte helburu argi bategaz: zabor hori itsasora iritsi aurretik kentzea.

Lanak, gainera, ez dira hemen amaituko. Elkarteak iragarri du abuztuan ere garbiketakaz jarraituko duela, bisitari gehien biltzen diren asteetan hondakin gehiago pilatzen direla uste baitute.

Kpitaneko kideen esanetan, itsasadarrean agertzen den zabor guztiaren jatorria ez dago Plentzian. Hondakin askok Mungia eta Gatika zeharkatzen dituen ibaiaren goiko zatian hasten dute bidea, eta euriak zein ur-lasterrek itsasadarreraino eramaten dituzte.

Horregatik, boluntarioek uste dute egiten duten lana funtsezkoa dela; izan ere, plastiko eta hondakin horietako asko itsasora iritsi aurretik kentzea lortzen dute.

Udan zabor gehiago pilatzen da

Elkarteak azaldu du udako hilabeteetan, eta bereziki jaietan eta bisitari gehien etortzen diren egunetan, naturaguneetan uzten den zabor kopurua nabarmen handitzen dela. Hori dela eta, garai honetan indartu dituzte garbiketa-lanak.

Kpitanek, hala ere, gogorarazi du ekimenaren helburua ez dela hondakinak biltzea bakarrik. Herritarrak ere kontzientziatu gura ditu, keinu txikiek ere eragina dutela gogoraraziz. Izan ere, itsasora iritsi aurretik jasotzen den plastiko zati edo zigarrokina bakoitzak ingurunea babesten laguntzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun