Plentziak euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik du

Laura Fontalba Colomo 2026ko abuztuaren 7a

Irailaren 30era arte euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroetarako dirulaguntzak eskatu ahal izango dira Plentzian. Udalak adierazi duenez, laguntzen helburua "herritarrei euskaraz trebatzeko aukera erraztea eta hizkuntzaren ezagutza sustatzen jarraitzea" da. 

Jakinarazi dutenez, laguntza horiek irakaskuntza arautu gabeko edo euskara hobetzeko ikastaroetara bideratuta daude, besteak beste, euskaltegietan egindako ikastaroak babesteko. Izan ere, Udalaren arabera, dirulaguntza horien bidez euskara ikasten ari diren herritarrei laguntza ekonomikoa eman gura diete, ikasketa-prozesua errazteko eta herrian euskararen erabilera indartzen jarraitzeko.

Adierazi duten moduan, nahi duenak irailaren 30era arte eskaera aurkezteko aukera izango du. Horretarako, Udalak argitaratutako ordenantza kontsulta daiteke; bertan laguntzak nola eskatu, zer baldintza bete behar diren eta eskaerak izapidetzeko prozedura zein izango den jasotzen baita.

Udalak herritarrak aukera hori baliatzera animatu ditu, euskara ikasteko edo maila hobetzeko bidean laguntza izan dezaten. Dirulaguntza horiek Plentzian euskara sustatzeko eta herritarren hizkuntza-gaitasuna indartzeko neurrien barruan kokatzen dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun