Plentzia Eskolako familiek eskola-garraioko lau zerbitzuak mantentzea aldarrikatu dute

Laura Fontalba Colomo 2026ko irailaren 1a

Gaur goizean, Plentziako Eskolako familiak prentsaurreko batean elkartu dira, eskola-garraioko zerbitzuak mantentzearen eta euren seme-alaben segurtasuna bermatzearen garrantzia aldarrikatzeko.

Familiek gaineratu dutenez, Plentzia Eskola Txipion dago, jarduera eta mugikortasun handia biltzen duen eremu batean. Bertan, eskola, institutu handia, auzoko etxeak eta bizilagunak daude, eta, horrez gain, Metro Bilbao eta Bizkaibus ere bertatik pasatzen dira. Hori dela eta, egunero, jende eta ibilgailu asko pilatzen dira espazio oso txikian; batez ere, ikastetxeetako sarrera- eta irteera-orduetan.

Familien arabera, gune txikia denez, lau autobus-zerbitzuetatik bi kentzeak "kaos" handiagoa sortuko du auzoan. Euren ustez, familia batzuek euren seme-alabak eskolara eramateko beste modu bat bilatu beharko dute, eta desplazamendu horietako asko autoz egingo dira. Hori dela eta, Txipiora sartzen eta handik ateratzen diren ibilgailuen kopurua nabarmen handituko dela ohartarazi dute: auto gehiago, maniobra gehiago, joan-etorri gehiago, oinezko gehiago eta ume gehiago, dagoeneko oso pilatuta dagoen ingurune batean.

Horrez gain, familiek badute beste kezka bat: irailean obrak hasiko dira inguruan, eta aurreikusita dago lan horiek ikasturte osoan zehar luzatzea, sarbideetako aldaketa ugari eta mugikortasun zailagoa eraginez. "Goizero ehunka ume eta gazte mugitu behar dira inguru horretan, eta gure ardura nagusia da hori ahalik eta modu seguruenean egitea. Horregatik uste dugu zerbitzu hauek kendu aurretik, ezinbestekoa dela erabaki horrek Txipioko mugikortasunean eta, batez ere, ikasleen segurtasunean izango dituen ondorioak serio aztertzea", aldarrikatu dute.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, apiriletik hona, "behin eta berriz" saiatu dira eskola-garraioarekin zer gertatuko den galdetzen, informazio argirik jaso barik. Horregatik, antolatzeko erabakia hartu zuten: hedabideekin harremanetan jarri ziren, irratietan eta egunkarietan agertu ziren eta egoera ezagutaraztea lortu zuten. Horri esker, Bizkaiko Hezkuntza delegatuak, Iñaki Orbek, Plentziako alkateari zerbitzuak mantenduko zituztela hitz eman zion. Familiek konpromiso hori sinetsi zuten, baina ikasturtea hasteko egun gutxi falta direnean, Hezkuntza Delegazioaren aldetik oraindik baieztapen ofizial eta argirik jaso ez dutela salatu dute.

"Zerbitzuko langileen bidez jakin dugu hainbat langile beste lanpostu batzuetara bideratu dituztela. Plentziako Udalak ere behin baino gehiagotan eskatu dio informazioa Hezkuntza Delegazioari, eta, oraingoz, ez du erantzunik jaso. Gure ustez, udalerriko mugikortasunean eta, batez ere, adingabeen segurtasunean horrelako eragina izan dezakeen erabaki batek informazio argia eta nahikoa izan behar du atzean", azaldu dute.

Egoera dela eta, erabaki bat hartu aurretik Plentziako eta Txipioko errealitatea kontuan hartzea eskatu dute: inguruko mugikortasuna, ikastetxeen kokapena, trafikoaren egoera eta, aurtengo kasuan, ikasturte osoan zehar egingo diren obrak, besteak beste. Horrez gain, eskola-garraioko lau zerbitzuak mantentzea eta Hezkuntza Delegazioak familiei zein Udalari ikasturte hasierako egoera argi azaltzea galdegin dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun