Arpillaon aparkaleku-plaza bat gura dutenek irailaren 30era arte eman dezakete izena

Izaro Garcia

Plaza bakoitzaren prezioa 17.000 euro ingurukoa izango da.

Arpillaoko aparkalekuan plaza bat eskuratzeko interesa dutenek irailaren 30era arte izango dute zerrendan izena emateko aukera. Plaza berriak 30 urterako emakida-erregimenean eskainiko dira, eta bakoitzak 17.000 euro inguruko prezioa izango du.

Gura dutenek Tola-El Puerto Higiezinen Agentzian eman beharko dute izena, Plentziako Areatza kaleko 21. zenbakian. Horretarako ordutegia 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era izango da. Informazio gehiago behar dutenek 688 887 565 telefono-zenbakira deitu dezakete.

Izen-ematea Arpillaoko aparkalekua berreskuratzeko urratsak egiten ari diren unean datorrela esan genezake. Azpiegitura 2020tik dago itxita, eta Plentziako Udalak aurten berriro erabiltzeko proiektua mahai gainean jarri du. Udal-gobernuak landutako proposamenaren arabera, aparkalekua osorik konpondu eta, ondoren, haren ustiapena enpresa pribatu baten esku uztea aurreikusten da.

Aparkalekuak 600 plaza inguru ditu eta, berriro martxan jarriz gero, Plentzian dagoen aparkaleku-eskaintza nabarmen handituko litzateke. Izan ere, udalerrian 700 aparkaleku publiko inguru daude gaur egun, 2.000 ibilgailu erroldatu baino gehiagorentzat.

Proiektua bideratzeko lehen urratsetako bat otsailean egin zuen Udalak, Arpillaoko aparkaleku publikoen kudeaketa, ustiapena, kontserbazioa eta hobekuntza egiteko ereduaren bideragarritasuna aztertzeko merkatuaren aurretiazko kontsulta abiatuta. Prozedura obrako kontzesio gisa planteatu zen.

Oraingoz, irailaren 30era arte zabalik dagoena 30 urterako emakida-erregimeneko plaza berri bat eskuratzeko interesa duten pertsonen zerrenda da. Plaza bakoitzaren prezioa 17.000 euro ingurukoa izango dela jakinarazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun