Aldaketarik nabarmenenetako bat gaur egun inguruan dauden eskaileretan izango da. Aldi baterako itxi eta, ondoren, eraitsi egingo dituzte, haien lekuan sarbide-plataforma berria egiteko. Lan horiek bi aste inguru irautea aurreikusten dute.
Horrek ez du esan gura oinezkoak sarbiderik gabe geratuko direnik. Obrek aurrera egin bitartean, eskailera berriak egingo dituzte egungoetatik 30 bat metrora. Gainera, hegalean espaloi berri bat eraikiko dute, oinezkoen arteko lotura eta inguruko irisgarritasuna hobetzeko.
Autoz ibiltzen direnek ere nabarituko dituzte lanak. Obrak egin ahal izateko, Plentziako sarbide nagusietako batean errei bat aldi baterako okupatu eta itxiko dute. Horri makinen joan-etorria, zarata eta tamaina horretako obra batek egunerokoan eragin ditzakeen bestelako eragozpenak gehitu beharko zaizkio.
Zuhaitzak eta edukiontziak ere lekuz aldatuko dituzte
Eremuaren itxura bera ere aldatuko da. Obrak egiteko gaur egun dauden zuhaitzetako batzuk kenduko dituzte. Horren truke, ale berriak landatuko dituzte, eta beste batzuk Plentziako hainbat gunetara eramango dituzte.
Edukiontzien irla ere lekuz aldatuko dute. Ontzi arinen edukiontziaren behin betiko kokalekua, ordea, oraindik zehazteke dago, Areatza kaleko espaloiaren zati batean lurperatu gabe dagoen argiteria publikoko kableatuak aukeratutako tokia baldintzatzen duelako.
Ecomotor eremuko jarduketa ez da orain sortutako proiektu bat. 2009an onartutako hirigintza-aldaketa batean aurreikusi zuten, eta urbanizazio-proiektua 2024ko azaroan onartu zen behin betiko.