Plentziako portuko amarraduren auzia, oraindik konponbide barik

Izaro Garcia

Zirriborroa azarorako prest izatea aurreikusten dute.

Plentziako kirol-portuko amarraduren gatazkak ez du, oraingoz, irtenbiderik. Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeko zuzendari Jon Asuak Eusko Legebiltzarrean aitortu duenez, epaitegien erantzunaren zain daude 2021ean esleitutako 204 amarradurekin zer egin erabakitzeko. "Eskuak eta oinak lotuta" dituztela adierazi du Asuak.

Arazoa 2021ean egindako amarraduren esleipenetik dator. Prozesu haren aurka hainbat helegite aurkeztu zituzten, eta hamar ebazpen judizialek esleipenak baliogabetu zituzten. Ordutik, egoera korapilatu baino ez da egin. Aurtengo otsailean aurreko deialdia baliogabetu zuten, baina oraindik ez dute amarradurak berriro banatzeko prozesurik abiatu.

Martxoan, EKPk epaitegietara jo zuen, epaiak betetzeko zein bide jarraitu behar duen argitzeko. Asuak azaldu duenez, epaileetako bategaz harremanetan egon dira eta proposamen bat aurkeztu diote. Epaile horrek gainerako epaitegiei ere helarazteko eskatu zien, eta hala egin dute. Orain, erantzunaren zain daude.

Bitartean, portuko egoerak kezka eragin du Eusko Legebiltzarrean. PPk segurtasun juridikorik eza, kuoten ordainketarik eza eta baimenik gabe amarratuta dauden ontziak aipatu ditu. EH Bilduk, berriz, abandonatutako ontzien egoeraz ohartarazi du, baita ontzi batzuk amarradura erabiltzeko ustezko eskubideagaz batera saltzen ari direla ere.

Amarradurak berriro banatzeko formula

Egoera desblokeatzeko, EKPk amarradurak berriro ordenatzeko formula bat lantzen ari da aholkularitza-enpresa baten laguntzagaz. Helburua ontzien neurriak kontuan hartuta portuko ur-eremua ahalik eta ondoen aprobetxatzea da, auzitegiek ezarritako irizpideari jarraituta.

Baina bide horrek ere baditu zailtasunak. Formula aplikatuta hainbat ontzik emaitza bera lortuko balute, horien artean zozketa egin beharko litzateke. Asuak berak horrek helegite berriak ekar ditzakeela ohartarazi du eta auzia berriro epaitegietara eramateko arriskua dagoela.

Plentziako egoera argitu bitartean, Eusko Jaurlaritza Euskadiko kirol-portuetako amarraduren esleipenak arautzeko dekretu berria prestatzen ari da. Leandro Azkue Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak aurreratu duenez, zirriborroa azarorako prest izatea aurreikusten dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun