Areatza pasealekuko eraikina itsas-lehorreko jabari publikoan dago, eta horrek zalantzan jarriko du azken urteotan bertan egiten den ikerketa-jardueraren jarraipena. Espainiako Gobernuak eraikina eraisteko aukera planteatu duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bestelako bidea proposatu du; hau da, eraikinaren ondare-balioa babestea eta EHUren itsas ikerketari bertan jarraitzeko aukera ematea.
Proposatutako emakidak 2.485 metro karratu inguruko azalera hartuko luke, ikerketarako beharrezkoak diren itsasoko ura hartu eta husteko kanalizazioak barne. Amaia Barredo sailburuak nabarmendu duenez, eraikina Plentziako "paisaiaren eta memoriaren parte" da, eta, aldi berean, itsasoari lotutako ikerketa zientifiko garrantzitsua hartzen du.
Eraikinak mende bat baino gehiagoko historia du. 1923an eraiki zuten helioterapia-sanatorio gisa, hezurretako tuberkulosia zuten gaixoak artatzeko. Sanatorioa 2005ean itxi zuten, eta ondoren birmoldatu zuten; 2012tik EHUren Itsas Estazioaren egoitza da, itsas biologia eta bioteknologiako ikerketa, unibertsitate-prestakuntza eta dibulgazioa uztartuz.
Eraikina babesteko bidean urrats ezberdinak ere badaude; hau da, Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren inbentarioan babes ertaineko proposamena du, eta Plentziako udal-katalogoan nahitaez kontserbatu beharreko ekipamendu gisa jasota dago. Arartekoak ere haren balio kulturala, arkitektonikoa eta paisajistikoa kontuan hartzeko eskatu du.
Emakidagaz batera, eraikinaren egoera gertutik zaintzea aurreikusi dute. Bi urtean behin txosten teknikoak egin beharko dira itsas mailaren bilakaerak eta klima-aldaketak eraikinean izan ditzaketen ondorioak aztertzeko. Halaber, segurtasun-plana eta itsasertzeko arrisku edo muturreko fenomeno metereologikoen aurrean jarduteko protokoloa prestatu beharko dira.
Hori horrela, hurrengo urteetako erronka eraikin historikoaren babesa sendotzea izango da, Itsas Estazioaren jarduera bertan mantendu ahal izateko.