"Dos Palmeras" bidea, Isuskizako bizilagunen esku

Izaro Garcia

Isuskizako bizilagunek askotan ohartarazi dute sarbide horien konponketak milioika euroko kostua izan dezaketela. © ISUSKIZA AUZOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) atzera bota du Isuskizako bizilagunek aurkeztutako apelazio-helegitea, eta Urduliztik gertuen dagoen Dos Palmeras bidea pribatua dela berretsi du. Horrenbestez, Isuskizako jabeek haren mantentzearen ardura hartu beharko dute. 

"El Abanico" izenez ere ezaguna den urbanizazioan 1.000 bizilagun baino gehiago bizi dira, eta sarbideen egoerak urte luzez eragin ditu desadostasunak bizilagunen eta Plentziako Udalaren artean. "Dos Palmeras"en titulartasuna argitzeko, Udalak ingenieritza-enpresa bati ikerketa eskatu zion, eta ia 900 orrialdeko txostena osatu zuen. Horren arabera, bidea 1970eko hamarkadan eraiki zuten urbanizazioari lotuta, eta etxebizitzen sustatzaileak hura mantentzeko konpromisoa hartu zuen.

Bizilagunek, aldiz, "Dos Palmeras" ez dela inoiz Isuskizaren parte izan defendatu dute. Horren erakusgarri, Udalak azken urteetan bidean egindako bi konponketa aurkeztu zituzten, 20.000 eurotik gorakoak. Epaileek, ordea, esku-hartze horiek ez direla nahikoa bidea udal-jabetzakoa dela frogatzeko argudiatu dute. Era berean, 1970eko hamarkada baino lehen bidea existitzen zela erakusten duen argazki, plano edo bestelako dokumenturik  ez dagoela ondorioztatu dute.

Bi sarbide, bi ebazpen ezberdin

Egoera bestelakoa da Isukiza Plentziako hirigunegaz eta Mungiarako norabideagaz lotzen duen beste sarbidean. Bide hori 2016an itxi zuten ibilgailuentzat, segurtasun-arazoengatik eta zuelo handien ondorioz. Auzi horretan, epaitegiek bizilagunen alde egin zuten, Udala bidea konpontzera behartuz.

Konponketa horrek aurrera jarraitzen du gaur egun. Isuskizako komunitateak argitaratutako informazioaren arabera, bidea osorik asfaltatu beharko da, eta proiektuak lurzoruaren eta ezpondaren egonkortasuna bermatzeko azterketa geoteknikoak jaso beharko ditu. 

"Dos Palmeras"en kasuan, ordea, azken ebazpenak bizilagunen gain utzi du mantentzea. Urteotan, Isuskizako bizilagunek behin baino gehiagotan ohartarazi dute sarbide horien konponketak milioika euroko kostua izan dezaketela eta ezin dutela gastu hori euren gain hartu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun