Aurten obrak egiten ari dira Plentziako eskolako jantokian, eta, horregatik, catering zerbitzu baten bidez eramango dute bazkaria. Txerrikirik gabeko menua, begetarianoa, arraina duen begetarianoa eta obolaktobegetarianoa eskaintzen ditu enpresak, baina ez menu beganorik. Nerea Zarragaren semearentzat, hortaz, ez dago aukerarik.
"Ez digute inolako aukerarik eman. Catering zerbitzuak eskaintzen dituen beste menuren bat hartzen ez badugu, gure semeak ez dauka jantokira joateko aukerarik"
Obrak amaitutakoan ere egoera ez dela aldatuko jakinarazi dietela azaldu du amak. Etorkizunean lehengaiak catering-etik eramango dituzte eta janaria eskolan bertan prestatuko dute, baina, momentuz, %100 begetala den menurik ez dutela izango esan diete.
"Ez digute inolako aukerarik eman. Catering zerbitzuak eskaintzen dituen beste menuren bat hartzen ez badugu, gure semeak ez dauka jantokira joateko aukerarik", azaldu du plentziarrak. Familiak behin-behineko beste irtenbide bat proposatu zuen; hau da, etxean prestatutako janaria eramatea, umeak gutxienez bere ikaskideakaz bazkaldu ahal izateko. Eskolatik, ordea, hori ere ezin dela egin erantzun dietela dio.
"Larriena da gure umea zerbitzu batetik baztertzea"
Arazoa ez da bazkariarena bakarrik. Jantokia erabili ezin izateak familiaren egunerokoa ere baldintzatuko du. "Semea 12:15ean jaso beharko dugu egunero eskolatik", dio Zarragak. Horretarako, senideen laguntza beharko dute edo lan-orduak murriztu.
"Etxean haurrei eman nahi zaien hezkuntzak edo transmititu nahi zaizkien baloreak ez lirateke eskolan oztopo bat izan beharko"
Baina badago hori baino gehiago kezkatzen duen zerbait: umea bere ikaskideengandik aparte geratzea. "Gure umeak ez du bere eskolakideekin jateko aukerarik izango, eta hau larriena iruditzen zaigu; gure umea, guztientzako izan beharko lukeen zerbitzu batetik baztertzea eta beganoa izateagatik beste haurrekiko desberdin tratatzea".
Zarragak beganismoa euren kasuan elikatzeko modu hutsa ez dela azpimarratu du, animalienganako errespetuan oinarritutako hautu etikoa baizik. Horregatik, eskolako menuak etxean semeari transmititzen dizkioten balioakaz bat egitea gura dute. "Etxean haurrei eman nahi zaien hezkuntzak edo transmititu nahi zaizkien baloreak ez lirateke eskolan oztopo bat izan beharko". Bere ustez, hezkuntza inklusibo batek errealitate hori ere kontuan hartu beharko luke.
Araudi berrian jarri zuten itxaropena
Familia 315/2025 Errege Dekretuan oinarritzen ari da bere eskaera egiteko. Zarragak azaldu duenez, araudia argitaratu zenean egoera konpontzea errazagoa izango zela pentsatu zuten, arrazoi etiko edo erlijiosoengatik menu berezia behar duten umeen kasuak jasotzen dituelako.
"Pixka bat lasaitu ginen eta pentsatu genuen errazagoa izango zela menua lortzea", gogoratu du. Haren arabera, ordea, praktikan ez dute aldaketarik sumatu: "Legea irten zen momentutik ez da ezer aldatu".
Lehenik menu beganoa eskatu zuten eskolan, eta, ezezkoa jaso ostean, etxetik tuperra eramateko aukera planteatu zuten. Bigarren eskaerari ere ezetz erantzun zietela dio Zarragak. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzan kexa jarri dute, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.
Ez dira bakarrak
Antzeko egoeran dauden familien kopuru zehatza ezagutzea zaila dela aitortu du Zarragak, baina ikasturte hasieran Instagram bidez talde bat sortu dute, euren esperientziak partekatu eta eskaerak elkarregaz egiteko.
Batzuek urteak daramatzate menu %100 begetalak eskatzen. Zarragaren arabera, taldeko familia batek 2018tik 5.000 sinadura inguru bildu ditu eta gaia Eusko Legebiltzarrera ere eraman zuen. Orain, eskoletan, Eusko Jaurlaritzan, Arartekoan eta AESANen kexak aurkezten ari dira familiak, eta legebiltzarkideakaz harremanetan daude euren egoeraren berri emateko eta irtenbide bat eskatzeko.
Familiek, gainera, ikastetxeen babesa ere eskatu dute, aldarrikapen horretan bidelagun izan daitezen. Izan ere, uste dute eskolak eta gurasoak elkarlanean arituta aukera gehiago izango lituzketela Eusko Jaurlaritzaren aurrean euren eskaerak aurrera ateratzeko.
Zarragak argi du zein den eskatzen duten irtenbidea: "Gure haurrak beste haurren eskubide berberak izatea, hau da, indarrean dagoen legea errespetatzea eta menu %100 begetala eskaintzea gure haurrentzat". Gainera, menu hori nutrizionalki egokia izatea eskatzen dute.
"Tristea da gaur egun honegatik borrokatu behar izatea, baina egin ezean gure umeak baztertzen jarraituko dute"
Bitartean, euren kasua ezagutaraztea erabaki dute, arazoa familia bakoitzaren borroka pribatu bihurtu ez dadin. Zarragak beste eskolei eta familiei ere inplikatzeko eskatu die: "Gure haurren errealitateak ulertzen saiatzea" eta Eusko Jaurlaritzari irtenbidea eskatzeko presioa egitea gura du.
Egoera berean daudenei, berriz, isilik ez geratzeko mezua bidali die: "Tristea da gaur egun honegatik borrokatu behar izatea, baina egin ezean gure umeak baztertzen jarraituko dute".