Udalak azaldu duenez, herritarren parte-hartzean oinarritutako diagnostikoaren bidez, hainbat erronka identifikatu ditu, besteak beste, nahi gabeko bakardadea, arrakala digitala, irisgarritasuna eta mugikortasuna. Era berean, prozesuak Plentziak dituen indarguneak nabarmendu ditu: auzoetako harremanak, tokiko merkataritza, elkarte-sarea eta elkartzeko espazioak.
Diagnostiko horri esker, Udalak datozen urteetan garatuko diren ekintzak eta proiektu estrategikoak jasotzen dituen ekintza-plana osatu duela aurreratu du. Horren helburua, herritar guztien artean Plentzia herri "atseginagoa, irisgarriagoa eta komunitarioagoa" eraikitzen jarraitzea da.
Ekintza-plana
Plentzia Lagunkoia prozesuaren ekintza-plana Udalaren webgunean dago eskuragarri.
Planak zazpi proiektu estrategiko nagusi jasotzen ditu: botiken Dosifikazio Pertsonalizaturako Sistemaren –DPS– inguruko informazioa zabaltzea; Plentzia Lagunkoia eta talde motorra indartzea; arrakala digitalari eta administrazio-izapideei aurre egiteko laguntza ematea; zaintza eta zaintzaileen egoera lantzea; merkataritza lagunkoien sarea sustatzea; Uribe Kostarako eguneko zentroaren aldarria mantentzea; eta adinekoentzako hiri-altzariak eta atseden-gune egokiagoak sustatzea.
Horiez gain, zeharkako beste erronka batzuk ere jasotzen ditu: Txipio eta Alde Zaharreko irisgarritasuna; auzoen arteko mugikortasuna eta garraioa; etxebizitzen irisgarritasuna eta herrian zahartzeko aukerak; komunikazio irisgarria; paseo osasungarriak eta jarduera fisikoa; eta Gandiako semaforoaren moduko bide-segurtasuneko puntu arriskutsuak.
Gainera, Udalak aurreratu duenez, helburua ekintza-plana urtero berrikustea da; ekintzen egoera, lehentasunak eta hurrengo urratsak eguneratzeko. Izan ere, ekintzak epe labur, ertain eta luzera antolatzen dituzte, eta horien jarraipena talde motorrak, Udalak eta herriko eragileek egingo dute.