Txipioko ingurua berrantolatzeko lanek 2,4 milioi euroko inbertsioa izango dute

Obrak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Plentziako Udalak finantzatuko dituzte elkarlanean.

BI-2122 errepidean biribilgune berria eraikitzea, metro geltokiaren ondoan 80 plaza baino gehiagoko aparkalekua egokitzea eta bidegorri-sarea zabaltzea aurreikusten du proiektuak. Lanak egiteko urtebeteko epea ezarri dute.

Plentziako Txipio auzoko ingurua berrantolatzeko proiektua martxan da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Plentziako Udalak sustatutako egitasmoaren helburua udalerriko sarrera nagusietako batean zirkulazioa antolatzea, auzorako sarbideak hobetzea eta oinezkoen zein txirrindularien segurtasuna handitzea da. Horretarako, 2,4 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute, eta lanak gauzatzeko hasierako epea 12 hilabetekoa izango da.

Proiektuaren aldaketa nagusietako bat BI-2122 errepidean biribilgune berria eraikitzea izango da. Azpiegitura horren bidez, batez ere Barrikatik datozen ibilgailuen abiadura moteltzea eta inguruko oinezkoen pasabidearen segurtasuna hobetzea bilatzen dute. Era berean, Txipio auzorako eta metro geltokiaren ingururako sarbideak berrantolatuko dituzte.

Metro Bilbao erabiltzen dutenentzat ere berritasunak ekarriko ditu egitasmoak. Izan ere, geltokiaren ondoan 80 plaza baino gehiagoko disuasio-aparkalekua egokituko dute, autoa bertan utzi eta garraio publikoan jarraitzeko aukera errazteko.

Oinezkoentzat eta txirrindularientzat ere aldaketak

Ibilgailuen zirkulazioa berrantolatzeaz gain, mugikortasun jasangarria sustatzeko hainbat neurri jasotzen ditu proiektuak. Besteak beste, Plentziako pasabidea eta Txipio bidea lotuko dituen bidegorri berria eraikiko dute, gaur egungo bizikleta-ibilbideari jarraipena emateko.

Autobus-zerbitzuan ere hobekuntzak aurreikusi dituzte. BI-2122 errepidean bi geraleku berri jarriko dituzte, noranzko bakoitzean bana, autobusek gainerako zirkulazioa oztopatu gabe gelditzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, biribilgune berriak Gorliz-Plentzia lineako autobusei bertan noranzkoa aldatzeko aukera emango die.

Ingurua urbanizatzeko lanen barruan, oinezkoentzako espazio irisgarriak, bizikletak aparkatzeko guneak eta taxi-geltoki bat ere egokituko dituzte.

Txipioko padura babesteko neurriak

Proiektuak Txipioko paduraren ingurune naturala ere hartu du kontuan. Aldundiak jakinarazi duenez, lanen barruan itsasaldien erregimena lehengoratzeko jarduketak, drainatze jasangarriko sistemak, infiltrazio-zangak eta zoladura ekologikoak aurreikusi dituzte. Landaketak ere egingo dituzte, azpiegitura berriak paisaian hobeto txertatzeko.

Obrak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Plentziako Udalak finantzatuko dituzte elkarlanean. Hasierako aurreikuspenen arabera, lanak iraileko lehen hamabostaldian hastekoak ziren, eta urtebeteko iraupena izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun