Plentziako metro ondoko aparkalekua itxi dute biribilgune berria eraikitzeko

Proiektuak 2,44 milioi euroko aurrekontua du. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Biribilgune berria eraikitzeko lanek 60 bat autorentzako aparkalekua ixtea ekarri dute. Obrak amaitutakoan, 80 plaza baino gehiago izango ditu, eta inguruan bidegorria, autobus-geltoki berriak eta oinezkoentzako guneak ere egokituko dituzte.

Plentziako metro geltokiaren inguruan autoa uzten dutenek beste leku bat bilatu beharko dute datozen hilabeteetan. Txipio auzoko sarbideak eta inguruko errepidea egokitzeko lanak direla eta, geltoki ondoko aparkalekua itxi dute, eta apirilera arte ezingo da bertan aparkatu. Orain arte 60 bat autorentzako lekua zegoen, baina lanak amaitutakoan 80 plaza baino gehiago izango ditu.

Aldaketa nagusietako bat BI-2122 errepidean eraikiko duten biribilgunea izango da. Horren bidez, Txipio auzorako sarbideak hobetu eta inguruko trafikoa antolatu gura dute. Bereziki, Barrikatik datozen ibilgailuen abiadura moteltzea da helburuetako bat, bertan dagoen oinezkoen pasabidearen segurtasuna handitzeko.

Baina lanak ez dira biribilgunera mugatuko. Bizikletaz mugitzen direnentzat ere aldaketak izango dira, Plentziako pasabidea eta Txipio bidea lotuko dituen bidegorri berria egingo baitute. Horrela, gaur egun dauden bizikleta-ibilbideei jarraipena emango diete.

Garraio publikoari dagokionez, autobus-geltoki bi egokituko dituzte BI-2122 errepidean, noranzko bakoitzean bana. Autobusek errepidetik kanpo gelditzeko lekua izango dute, trafikoa oztopatu barik. Gainera, Gorliz-Plentzia lineako autobusek biribilgune berria erabili ahal izango dute noranzkoa aldatzeko.

Oinezkoentzako leku gehiago

Txipiorako sarbidearen eta aparkalekuaren ingurua ere berrantolatuko dute. Oinezkoentzako gune irisgarriak, bizikletak uzteko lekuak eta taxi-geltoki bat egokitzea aurreikusi dute. Espazio horiek diseinatzerakoan, adinekoen, umeen eta mugikortasun urriko pertsonen beharrak ere kontuan hartu dituztela azaldu dute.

Bestalde, Txipioko paduratik gertu egingo dituzten lanek ingurumen-neurriak ere izango dituzte. Besteak beste, mareen erregimena leheneratzeko jarduketak, drainatze-sistema jasangarriak, areka berdeak, ura lurrean iragazteko zangak eta zoladura ekologikoak aurreikusi dituzte. Landaketak ere egingo dituzte, azpiegitura berriak ingurunean hobeto txertatzeko.

Proiektuak 2,44 milioi euroko aurrekontua du, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Plentziako Udalak batera finantzatuta. Lanak egiteko hasierako epea 12 hilabetekoa da, metro ondoko aparkalekua apirilean berriro zabaltzea aurreikusi duten arren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun