Musika klasikoak Plentziako kaleak eta eliza girotuko ditu azaroaren 13tik 15era

Eguraldiak laguntzen ez badu Goñi Portalera lekualdatuko dituzte.

Azaroaren 13tik 15era, musika klasikoa izango da protagonista Plentzian. Hiru eguneko jaialdian, organo, oboe, hari eta haize-metalezko instrumentuen kontzertuak izango dira, baita umeentzako ipuin saio musikatuak ere. Emanaldiak elizan eta Eugenio Campillo parkean egingo dituzte.

Musika klasikoa entzuteko ez da kontzertu-areto handi batera joan beharrik izango datorren aste-akabuan. Azaroaren 13an, 14an eta 15ean, Plentziak hainbat musika-proposamen hartuko ditu, adin guztietako herritarrek doinuez gozatzeko aukera izan dezaten.

Arrastietan, eliza izango da jaialdiaren agertoki nagusia. Barikuan, azaroaren 13an, organoaren eta oboearen doinuak entzuteko aukera izango da. Zapatuan, berriz, hari-laukote baten txanda izango da, eta domekan, azaroaren 15ean, haize-metalezko boskote batek emango dio amaiera kontzertuen egitarauari.

Baina jaialdia ez da helduentzat bakarrik izango. Etxeko txikienek ere musikagaz gozatzeko aukera izango dute, zapatu eta domeka goizetan antolatutako ipuin saio musikatuen bidez. Kontakizunak eta musika uztartuko dituzten emanaldiak Eugenio Campillo parkean egingo dituzte, aire zabalean. Eguraldiak laguntzen ez badu, ordea, Goñi Portalera lekualdatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun