Iribar Plentzian izango da, ikurrinaren keinu historikoa gogoratuko duen murala aurkezteko

Argazki honen kalitatea adimen artifizialagaz hobetu dugu.

Athletic Clubeko atezain ohiak Errotabarriko futbol-zelaia bisitatuko du bihar, azaroaren 10ean, 13:00etan. Bertan, duela 50 urte Inaxio Kortabarriagaz batera protagonizatutako keinu historikoa omentzeko muralaren proiektua aurkeztuko dute. Disidentes artista kolektibo kolonbiarrak egingo du lana, Plentziako Udalaren ekimenez.

1976an, Athletic Cluben eta Real Sociedaden arteko derbi baten aurretik, Iribarrek eta Kortabarrik ikurrina zelaira eroan zuten, artean ikurrina legez kanpo zegoenean. Keinu hura euskal nortasunaren eta askatasunaren aldarrikapenaren ikur bihurtu zen, eta memoria kolektiboan leku berezia hartu du ordutik.

Orain, gertakari haren 50. urteurrenaren harira, Plentziako Udalak keinu historikoa gogoratuko duen murala sustatu du. Disidentes artista kolektibo kolonbiarrak egingo du lana, eta bihar bertan hasiko dira Errotabarriko instalazioetan margotzen.

Memoria historikoa belaunaldi berriei hurbiltzeko

Udalaren asmoa ez da soilik duela mende erdi gertatutakoa gogoratzea. Muralaren bidez, Iribarrek eta Kortabarrik egindako keinuak irudikatzen dituen desobedientzia, askatasuna eta konpromisoa belaunaldi berriei helarazi gura dizkie.

Era berean, ekimenak memoria historikoaren, kultura-aniztasunaren eta bizikidetzaren arteko loturak nabarmendu gura ditu, artea iragana gogoratzeko eta gaur egungo herritarrengana hurbiltzeko tresna gisa erabiliz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun