1976an, Athletic Cluben eta Real Sociedaden arteko derbi baten aurretik, Iribarrek eta Kortabarrik ikurrina zelaira eroan zuten, artean ikurrina legez kanpo zegoenean. Keinu hura euskal nortasunaren eta askatasunaren aldarrikapenaren ikur bihurtu zen, eta memoria kolektiboan leku berezia hartu du ordutik.
Orain, gertakari haren 50. urteurrenaren harira, Plentziako Udalak keinu historikoa gogoratuko duen murala sustatu du. Disidentes artista kolektibo kolonbiarrak egingo du lana, eta bihar bertan hasiko dira Errotabarriko instalazioetan margotzen.
Memoria historikoa belaunaldi berriei hurbiltzeko
Udalaren asmoa ez da soilik duela mende erdi gertatutakoa gogoratzea. Muralaren bidez, Iribarrek eta Kortabarrik egindako keinuak irudikatzen dituen desobedientzia, askatasuna eta konpromisoa belaunaldi berriei helarazi gura dizkie.
Era berean, ekimenak memoria historikoaren, kultura-aniztasunaren eta bizikidetzaren arteko loturak nabarmendu gura ditu, artea iragana gogoratzeko eta gaur egungo herritarrengana hurbiltzeko tresna gisa erabiliz.