Eusko Jaurlaritzaren asmoa da urte buakera baino lehen argitzea eztabaida eragin duen esleipen-prozesuaren egoera. Hala ere, zozketa berria egiteko proposamena epaitegiari helarazi izanak ez du esan gura data behin betiko zehaztuta dagoenik.
Arazoaren jatorria 2021ean dago, Euskadiko Kirol Portuak erakundeak Plentziako kirol-portuko amarralekuak esleitu zituenean. Erabakiaren aurka hainbat errekurtso aurkeztu zituzten, eta horien ondorioz, hamar epai irmok hasierako esleipenak baliogabetzera behartu zuten erakundea.
Hala ere, bertan zeuden itsasontziei amarralekuetan jarraitzeko baimena eman zieten, behin-behinean eta baimena edozein unetan kentzeko aukeragaz. Egoera horrek ziurgabetasuna sortu du portuko erabiltzaileen artean.
Zer aldatuko da zozketa berrian?
Urriaren 14ko ebazpen judizialak prozedura desblokeatzeko aukera eman du. Horren arabera, esleipen berria 2021eko deialdiaren oinarriak errespetatuz egin beharko da, baina itsasontzien tamainak kontuan hartuta, portuko ur-azalera ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.
Irizpide horiek bateratzeko, EKPk kalkulu matematikoan eta konbinatorian aditua den kanpo-aholkularitza baten laguntza izan du. Lan horren emaitza epaitegira bidali duen proposamena da.
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren esanetan, prozesua azken fasean dago, eta helburua ebazpen judizialak betetzea eta eragindako pertsona guztien arteko tratu-berdintasuna bermatzea da.