Organoa eta oboea entzuteko aukera izango da barikuan Plentzian

Kontzertua barikuan izango da, 19:00etan, Santa Maria Magdalena elizan. © PABLO CEPEDA

Plentziako Santa Maria Magdalena elizak musika klasikoaren doinuak hartuko ditu bariku honetan, azaroaren 13an. Bizkaiko Hotsak, Diego de Amezua Organo Jaialdiaren barruan, Casandra Alvarez eta Alberto Saez musikariak izango dira bertan, oboea eta organoa uztartzen dituen kontzertua eskaintzeko.

Bi musikariek ibilbide luzea dute. Casandra Alvarezek Musikenen egin zituen oboeko goi-mailako ikasketak, eta Euskadiko Orkestragaz eta Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz jo du, besteak beste. Gaur egun, irakaskuntza eta musika-emanaldiak uztartzen ditu.

Alberto Saez, berriz, organista eta orkestra-zuzendaria da. Europako hainbat herrialdetan eskaini ditu kontzertuak, eta Bilboko Koral Elkarteko errepertorista da gaur egun.

Zer entzungo da kontzertuan?

Egitarauan hainbat garaitako musikagileen obrak bildu dituzte. Besteak beste, Bach, Telemann eta Albinoniren piezak joko dituzte, baita Valentin Maria Zubiaurreren Neure amari zortzikoa eta Marcha fúnebre lana ere.

Plentziakoa ez da jaialdiko hitzordu bakarra izango. Izan ere, Bizkaiko Hotsak egitasmoak beste hainbat herri ere bisitatuko ditu datozen asteetan, tartean Elorrio, Loiu, Zeanuri eta Abadiño.

Kontzertua barikuan izango da, 19:00etan, Santa Maria Magdalena elizan.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun