Jaurlaritzak Plentziako itsasadarra berrantolatuko du, amarraleku gehiago sortzeko

Proiektua idazteko kontratua 2027ko martxoan esleitzea espero dute.

Gaur egun, 400 itsasontzi inguru daude Plentziako itsasadarrean, eta horietatik heren bat abandonatuta, hondoratuta edo itxuraz mantentze-lanik egin barik daude. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak itsasadarra berrantolatzeko prozesua abiatu du. Aurreikuspenak betez gero, lanak 2028ko udaberrian amaituko lirateke.

Egoera hori aldatu eta amarraleku arautuen kopurua handitzeko asmoz, Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoak itsasadarra berrantolatzeko proiektua idazteko eta lanak zuzentzeko lizitazioa abiatu du, 119.669 euroko aurrekontuagaz, BEZa barne.

Jaurlaritzak azaldu duenez, itsasontzien antolaketa hobetzeaz gain, itsasadarraren paisaia, ingurumen-baldintzak eta baldintza hidraulikoak hobetu gura dituzte.

Oraindino ez dute zehaztu instalazio berriak zelakoak izango diren, ezta zenbat amarraleku sortuko dituzten ere. Mahai gainean duten aukeretako bat, baina, Armintzako portuan dagoenaren antzeko ainguratze-sistema bat jartzea da. Halako sistema bat aukeratuz gero, erabiltzaileak euren itsasontzietara eramateko txalupa-zerbitzua eskaintzea ere aztertuko dute.

2028ko udaberria

Proiektua idazteko kontratua 2027ko martxoan esleitzea espero dute, eta udarako prest izatea itsasadarra berrantolatzeko proposamena. Epeak betez gero, lanak udazkenean hasi eta 2028ko udaberrian amaituko lirateke.

Ekimen horregaz batera, Plentziako kirol-portuko 204 amarralekuen esleipen-prozesua ere itxi gura du Jaurlaritzak. Izan ere, auzitegiek baliogabetu egin zituzten 2021ean egindako esleipenak, eta aurtengo abenduan prozesua amaitzeko beharrezkoa den zozketa egitea aurreikusi dute.

Bestalde, itsasadarrean sortuko diren amarraleku berriak esleitzeko, Jaurlaritza prestatzen ari den Amarralekuen Dekretu berria hartuko dute oinarritzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun