Udalak aipatu lekuan udako denboraldirako karabanentzako parking bat sortuko du. Bere hitzetan, "modu honetan, karabana hauek herriko beste gune batzuetan sortzen dituzten arazoak ekidin gura dira, eurentzako leku apropos bat sortuz (seinaleak jarriko dira aparkalekua ezagut dezaten)". Aparkalekua uda denboraldian baino ez da egongo erabilgarri ibilgailu horientzat. Hau da, ekainetik irailera arte. Beste hilabetetan, ohiko erabiltzaileek aparkalekua erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, 130 auto aparkatzeko aukerarekin. Aparkalekuak honako zerbitzuak eskainiko die bisitariei: zarama ontziak, ur edangarria duen iturria, leku garbia (ur gris eta beltzak botatzeko lekua), argiztapena, eta abar. 24 autokarabana aparkatzeko lekua egongo da. Proiektu honen aurrekontua 59.000 eurokoa izango da; kopuru horren erdia argiztapena berritu eta aldatzera bideratuko da (herriko beste hainbat lekutan egin den bezalaxe).
"Gaur egun, autokarabanek ez dute inolako espaziorik Sopelan (eta inguruko herrietan) eurentzako. Udan, asko dira herrira gerturatzen diren autokarabanak, eta ez dute aukerarik izaten euren ur gris eta beltzak aldatzeko, iturririk erabiltzeko e.a. Udalak gabezi horri erantzun gura dio, gaur egun Uribe Kostan ez baitago inolako eskaintzarik, eta horrek mota honetako turismoa bultza dezake", azaldu dute Udaletik
Neguan autoek orain arte bezala erabiltzen jarraitu ahal izango dute, eta udan, berriz, bai karabanek, baita autoek, aparkatzeko espazioa izango dute.
Obrak hasi baino lehen, Udalak hainbat panel informatibo jarriko ditu lanen nondik norakoak ezagutaraziz. Obrak egiten diren bitartean, erabiltzaileek aparkalekuaren %70 erabilgarri izango dute beti. Modu honetan, futbol zelaira joaten diren lagunek aparkatzeko lekua izango dute obra egiten den bitartean.