Aurreko urteetan bezala, behar-beharrezkoak diren elikagaiak eta higiene gaiak jasotzen hasiko dira: arroza, pasta, atuna, sardinak, azukrea, konpresak, eta abar. Batzen diren jaki eta gai guztiak Tindouf-eko errefuxiatuen kanpamenduetan (Aljeria) dagoen saharar herriari bideratuko da. Urtarrilean zehar Uribe Kostako ikastetxeetan, enpresetan eta merkataritza guneetan produktuak jasoko dira.
Edozein pertsona, enpresa eta eragilek parte har dezake. Informazio gehiagorako 695 788 185 telefonora dei dezake. Nuyum-en helburua Saharako herriari sostengua ematea da, orain 38 urte hasitako borrokarekin bat eginez. Izan ere, Saharak autodeterminaziorako eskubide osoa du, eta kanpamenduak erresistentzia baketsu eta nekaezin horren isla dira.