Bigarren aldiz agintaldi honetan, Sopelako Udalak ez du aurrekonturik izango. Abenduaren 30eko osoko bilkurak atzera bota zuen Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena. Ondorioz, iazko kontuak luzatu behar izan dituzte. Bilduk gidatzen duen gobernuak ia 13 milioi euroko kontuak proposatu zituen, baina oposizioko alderdiek kontra bozkatu zuten.
Leire Pinedo Bilduko bozeramailearentzat, oposizioko alderdien jarrera "arduragabekeria" izan da: "kontuen kontra bozkatu dute inolako proposamenik aurkeztu gabe". Udal Gobernuak argitu duenez, oraingoan Udalbatzaren ezezkoa jaso duten arren, hurrengo udal bilkuretan aurrekontuetan proposatutako hainbat proiektu aurkeztu dituzte, bilkuraren onarpena jaso dezaten. Oposizioko alderdiak, berriz, kritiko agertu ziren proposamenagaz: Gontzal Hermosilla EAJko bozeramaileak konfiantza falta adierazi zuen "iazko aurrekontuen akordioa ez dute bete" eta; Teresa Fernandez PSE-EEko zinegotziak "gardetasun falta" salatu zuen eta kulturan aurrekontu "lar" inbertitzea leporatu zien; azkenik, Berta Rodriguez PPko kideak, aurrekontu-proposamena Bilduren "kudeatzeko gaitasun eskasa"-ren adierazgarri zela adierazi zuen. Aurrekontuak ostera, ez ziren Bilduren eta oposizioko alderdien arteko eztabaida bakarra izan. EAJk urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen jolasguneak konpon zitzala eskatuz. Herri lanetako zinegotziak Udal Gobernuaren jarrera argitu zuen, gobernura heltzean jolasguneen auditoretza egin zutela eta urtero bi konpontzea eta bi barri sortzea erabakiz, orain arte jolasgune berri ugari sortu dituztela adieraziz.