Hondakin-batzea aztergai Sopelan

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 21a, 12:00

Sopelako Udalak enpresa bat kontratatu berri du, hondakinak batzeko sistema ezberdinen inguruko azterketa egin dezan. Erabakia SHK Sopelako Hondakinen Aholku Kontseiluak hartu du, eta euren helburua gaur egungo bilketa sistema guztiak teknikoki ezagutzea da: zer-nolako birziklatze-tasa lortzen duen sistema bakoitzak, zein den bakoitzaren aurrekontua, zenbat lanpostu sortzen duen zuzenean eta zeharka, eta abar.

Modu horretan, SHK-k sistema ezberdinak konparatzeko aukera izango du, eta Udalak, kontseiluaren aholkuan oinarrituz, sistemarik eraginkorrena aukeratuko du. Udalarentzat, gaur egungo sistema aldatzea ezinbestekoa da: “Gaur egungo sistemagaz ez dugu lortuko 2050. urtean hondakinen %50 birziklatzea, eta hori da Europar Batasunak jarri duen muga”.

Gaur egun, Sopelak edukiontzietan oinarritutako bilketa-sistema du. Udalbatzaren gehiengoak 2012ko uztailean bosgarren edukiontzia urtebetez ezartzea onartu zuen, “proiektu pilotu” moduan. Bada, Udalak iazko azaroan jakinarazi zuen legez, bosgarren edukiontziak ez du lortu herriko birziklatze-tasa handitzea: 2012an sopeloztarrek %16,48 birziklatu zuten, eta 2013an, berriz, %16,85. Hau da, organikoaren edukiontziak %0,37  igo du Sopelako birziklatze-tasa.

Bestalde, Udalak jakinarazi duen legez, azken hilabeteetan edukiontzi marroian jasotako hondakinak ez dira konposterako baliogarriak izan, edukiontziaren erabilera okerra dela eta: “Botilak, plastikoak, erlojuak, alfonbrak... denetarik agertu da”. Horren ondorioz, Artigasen ez dituzte hondakin horiek onartu, eta Zabalgarbin erre dituzte, errefusagaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun