Sergio Polo presoak hiru hilabete daramatza bakartuta

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 23a, 10:40

2013ko hasieran Sergio Polo preso politiko sopeloztarrak Picassenten eta Cordoban jasandako isolamendu egoera salatu zuten herrikideek.

Sergio Polo Escobes euskal preso politikoari "zigor latza" ezarri diotela salatu du Sopelako Etxeratek. Bere herritik mila kilometrotara, Algecirasko espetxera, bidaltzeaz gain, kartzela barruan isolamendu moduluan daukate bakartuta azken hiru hilabete hauetan zehar. Botafuego (Algeciras) espetxea Sopelatik 1.060 kilometrora dago.

Kordoban ere hamaika hilabete (2012ko abuztutik 2013ko ekainera arte) eduki zuten bakartuta, Etxerat presoen senideen elkarteak gogoratu duenez. Zigorra altxatu eta denbora gutxira, Kordobatik Algecirasera eraman eta isolamendu ziegan bakartu zuten. "Hiru hilabete luze hauetan (2014ko azaroaren 21etik) isolamendu ziegan, bakarrik, funtzionarioek gainbegiratuta, inorekin hitz egin gabe egun bat bestearen atzetik, hogeita lau orduko laurogeita hamar egun luzeotan, bakar-bakarrik" izan dute, azaldu dutenez.

Etxeraten arabera, “tortura zuria” deitzen diote bakartze sistematikoari, zeinek epe luzera "pertsona suntsitzea" dakar. "Astean berrogei minutuko bisita eta hilabetean etxekoen aurrez aurrekoa izan dira ezarritako bakardadea eta isiltasuna apurtzeko aukera bakarrak. Lagunen gutunak ere batzuetan baino ez dizkiote eman", gaineratu dute senideek.

Beraien ustez, "egoera gaitz hauen aurrean, denok dugu zer esan: injustu eta ezgizatiarrak izateaz gain, pertsona izaeraren beraren aurkako jokabideak baitira". "Gurean, presoei eurei jasanarazten dizkiete, baina denok gara erantzule. Inon, inoiz, inork ez luke horrelako zigorrik jasan beharko. Konpromiso honetan, gure esku dagoena egin behar dugu, Sergio Polo Escobesi ezarri dioten zigorrari bukaera eman diezaioten", amaitu dutenez.

1999an atxilotu zuten

Sergio Polo Escobes sopeloztarra 1999ko martxoan atxilotu zuten, ETAren Donostia komandoko kidea izatea leporatuta. Ordutik sei kartzeletatik igaro da, eta guztiak Euskal Herritik urrun: Valdemoro eta Alcala (Madriden), Texeiro (Galizian), Picassent (Alacanten), eta azken biak, Kordoba eta Algeciras (Andaluzian). Besteak beste, 1993ko martxoan Donostian Emilio Castillo Lopez de la Franca guardia zibilaren hilketan parte hartu zuelakoan, 48 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Sergio Polori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun