Elkartasunaren herri-lasterketa Sopelan domekan

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 26a, 08:00

Sopelako herri lasterketa 2014an. © MUNARRI ATLETISMO TALDEA

Stop Sanfilippo laguntzeko ehunka kirolarik parte hartuko dute domekan Sopelako XIII. Herri Lasterketan. Munarri atletismo-taldeak antolatzen du proba.

Elkartasunak eta kirolak elkarri eskua emango diote domekan Sopelan. Izan ere, ehunka korrikalarik haien zangoak baliatuko dituzte bertako XIII. Herri Lasterketan, Stop Sanfilippo fundazioa laguntzeko. Munarri atletismo-taldeak antolatutako proban izena emateko bi­na euro ordainduko dituzte lasterkariek, senior eta beteranoen kategorietan, eta bana, bestelako kategoriatan.

Izen-emateak

Inskripzioa egin eta dortsala jasotzeko azken eguna eguena izango da. Horretarako, honako tokietara jo ahal izango da: Kurtzio kultur etxea (18:00etatik 20:00etara), Algortako Torrene ka­­­leko Kantxa Kirol Moda eta Bilboko Euskalduna kaleko Deportes Bikila dendak eta Munarri taldearen webgunea. Iaz bezala, bilduko den diru den-dena Stop Sanfilippo fundazioarentzat izango da. Dirua irabazteko asmorik gabeko erakunde horrek izen bera duen gaixotasun arraroa ikertu eta gaixoak artatzeko tratamenduak bultzatzen ditu. Gaur egun, nazioarteko hainbat elkartegaz eta AEBetako Ohioko (AEB) Nationwide umeentzako ospitaleagaz dabil lanean, farmako bat gizakiakaz probatzeko ahaleginetan. Sanfilippo sindromea nerbio-sistema zentralaren endekapenezko gaixota­su­na da, heparan-N-sulfatasa entzi­ma­ren faltak eragindakoa. Horren eraginez, Sanfilippo pairatzen duten umeek substantzia toxikoak metatzen dituzte burmuinean, berba egiteko eta ikasteko ahalmenak galduz. Era berean, neska-mutilek hainbat arazo fisiko izaten ohi dituzte, eta orain arte gaztetan hil izan dira.

Lasterketa

Proba goizeko 10:30ean abiatuko da, Sopelako udaletxeko plazan. Ordu ho­rretan, parte-hartzaile txikienek, 2007an eta handik aurrera jaiotako neska-mutilek, ekingo diote 400 metroko lasterketari. Handik aurrera, hamar minutuan behin irtengo dira hurrengo kategoriak: umetxoak (2005ean eta 2006an jaiotakoak), umeak (2003-2004) eta gaztetxoak (2001-2002), hurrenez hurren 800, 1.200 eta 1.500 metro egiteko. Goizeko 11:10ean, txanda helduko zaie 1998 eta 2000 artean sortutako kadeteei eta gazteei. Horiek hiru kilometro egin beharko dituzte. Ordutik aurrera, 11:30ean, helduek egin beharko diote aurre 7.700 metroko ibilbideari. Maila guztietan, lehenengo hiru sailkatuek garaikur bana jasoko dute. Kategoriaren batean jende gutxik izena emango balu, antolatzaileek aurreko mailakoekin batuko lituzkete korrikalariak, Munarri atletismo-taldeak zabaldu duenez. Halere, atzo daborduko 500 parte-hartzailek baino gehiagok izena emanda baitzuten.

Kontuz orduagaz

Antolatzaileek aparteko ohar bi egin dituzte. Alde batetik, webgunearen bidez izena emandakoek dortsala udaletxean jaso ahal izango dute. Beste aldetik, ordu aldaketa dela-eta kontuz ibiltzeko gomendioa egin dute. Lo egiteko ordu bat gutxiago izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun