Oposizioak atzera bota zuen lehenengo proposamena Kurtzioko Kultur Etxearen tasakaz lotura zuen. "Kultur arloak egindako lanari bultzada emateko", Sopelako Udal Gobernuak proposatu zuen Kurtziolagun izeneko txartel bat sortzea, hau da, ikuskizunetara joateko txartel berezia: deskontuakaz, informazio gehiagokaz, eta abar. Baina EAJk, PSE-EEk eta PPk euren botoak elkartu eta atzera bota zuten.
Diru-laguntzen plan estrategikoari dagokionez, oposizioak ez zuen utzi gaia aztergaien zerrendan sartzen, "ez zuelako batzordearen irizpenik jaso". "Haatik, batzordearen irizpena ez da ezinbestekoa gai bat bilkuretan bozkatua izan dadin", udal agintariek diotenez. Argudio berbera erabili zuten EH Bilduk ez beste alderdiek Bizkaiko Ur Patzuergoaren estatutuak aldatzeko puntuan, eta, beraz, ezin izan zen aztergaien zerrendan sartu.
Emaitza berbera errepikatu zen Sahararen auziari "bidezko eta behin-betiko konponbidea" ematea eskatzen zuen proposizioan. EH Bilduk aurkeztu zuen, "Fronte Polisarioaren testuan berbaz berba oinarrituz". PSE-EE emendakin bat aurkezten ahalegindu zen, baina ez zuenez bilkura hasi baino lehenago erregistratu, ezin izan zen bozkatu. "Horren aurrean, oposizioko hiru alderdiek kontra bozkatzea erabaki zuten", Udal Gobernuak salatu duenez.
Udal bilkuran onartu zen puntu bakarra "betebeharren aitorpenarena" izan zen. Kasu honetan EH Bilduk eta PPk alde bozkatu zuten, eta EAJ eta PSE-EE abstenitu ziren.
Udal Gobernuaren haserrea
EH Bilduren Udal Gobernuak adierazi duenez, "euren boikota zentzugabekeriaren mugara heldu da, justifikatzeko oso zailak diren ezezkoak ematen dabiltzalako, Kurtziolagun txartela sortzea edo Ur Partzuergoko estatutuen aldaketa kasu". Koalizio ezkertiarraren ustez, jarrera horrek argi uzten du oposizioak ez duela "inolako asmorik eraikitzeko, proposamenak egiteko, alternatibak aurkezteko eta udalerriaren alde lan egiteko". "Ezetz bozkatzen dute Bildu zigortu nahi dutelako, horretarako herri osoa zigortu behar badute ere, udal aurrekontuetan edo aurrekontu moldaketetan gertatu bezala", kritikatu dutenez.
Hala ere, EH Bilduk dioenez, "oposizioa ez da gai izan Udalaren jarduera geldiarazteko. Udalak hainbat proiektu ditu esku artean eta ildo beretik jarraituko du: Urkoko autokarabanen aparkalekua, Atxabiribilgo bidegorria, liburutegian konponketak, herri erdigunean mugikortasuna hobetzeko proposamena, eta abar".